Zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek eman zuen abisua. N-634 errepidean turismo bat "aurreratze arriskutsu bat" egiten ikusi zuen. Turismoa kontrako erreian sartu zen eta auto batzuek bazterbidera alboratu behar izan zuten istripua eragozteko. Ondoren, beste hainbat aurreratze arriskutsu egin eta Durangon sartu zen.
Ertzaintzak Durangoko hirigunean identifikatu zuen auto hori. Aurkitu egin zutela konturatzean, berriro ihesari eman zion eta Olleria, Zeharmendieta eta Zumar kaleak "gehiegizko abiaduran" zeharkatu zituen. Oinezkoen pasabideetan autoak aurreratu zituen, oinezkoak eta autoko gidariak arriskuan ipiniz. Tabirako biribilgunetik BI-623 saihesbidera sartu zen eta ihesean jarraitu zuen. Azkenean, N-634 errepidean geldiarazi zuen ertzaintzak.
Gidariaren datuak jasotzen zebiltzala autoko eskularru-kaxan "ustezko marihuana poltsa txiki bi" aurkitu zituzten.