Datozen urteetan gobernuek zein norbanakoek izango duten erronka nagusienetako bat klima aldaketari aurre egitea izango da. Baina klima aldaketa ez da etorkizunean gertatuko den zerbait. Izan ere, ingurumenak dagoeneko eman ditu hainbat abisu. Fenomeno horren inguruan aditua da Zaloa Ares injineru durangarra. Sektore publikoarentzat eta pribatuarentzat, Euskal Herrian zein nazioartean, klima aldaketak izango duen eragina aztertzen dihardu.
Zer da Factor CO2?
Guk ekimen moduan definitzen dugu. Eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak klima aldaketaren ingurukoak dira.
Klima aldaketaren inguruan, zer ikuspuntutatik lan egiten duzue?
Guk aholkularitza eskaintzen dugu, eta txostenak egiten ditugu. Alde batetik, estrategiak eta kalkuluak egiten ditugu. Eta karbono aztarna ere aztertzen dugu. Bestetik, emisio eskubideen inguruko komertzio erregimenaren barruan enpresa batzuei laguntzen diegu. Estrategiak prestatzen ditugu, isurpenak zelan gutxitu zehazteko. Horretaz gainera, energia eraginkortasunaren arloan lan egiten dugu.
Trinidad eta Tobago uharteetako aldaketa klimatikoa aztertu duzue. Zein egoera dute Karibeko uharte bi horietan?
Aurreikusten dugunez, uharte horietan klima aldaketa gogorragoa izango da, itsasoaren maila igo egingo da eta. Horretaz gainera, gas naturala eta petroleoa daukate. Beraz, gasolina oso merkea da, eta, ondorioz, alde guztietara kotxez doaz. Horretaz gainera, industria asko dute. Egokitzapen ekonomia aldaketa klimatikora Trinidad eta Topagon izena duen txostena osatu dugu bertako gobernuarentzat. Alde batetik, kalkulatu dugu aldaketa klimatikoak uharte horientzat zer gastu izango duen, ez badute ezelango neurririk hartzen. Bestetik, neurri zehatz batzuk proposatu ditugu, eta horrek izango lituzkeen kostuak eta irabaziak kalkulatu ditugu.
Produktuen eta karbono aztarnaren inguruko proiektu bat duzue orain esku artean.
Hamar produktu tipikoren inguruko karbono aztarna aztertuko dugu Bilbon. Gurinezko opilak eta txapelak, esate baterako. Guk produktu horiek ekoizteko ziklo osoan erabili dena kalkulatzen dugu. Emisio faktore batzuk kalkulatzen ditugu. Emisioen zati garrantzitsuena non dagoen ikus daiteke, eta horrela hori gutxitzen saiatu daiteke.
Adapta proiektuan enpresekin diharduzue.
Renfe, Bodegas Torres eta beste hainbat enpresarekin lan egiten dihardugu. Torresen, maila altuagoan dauden lurrak erosten dabiltza, mahatsa bertan landatzeko. Klima aldaketaren eragina aurreikusten saiatzen ari dira.
Klima aldaketak zer eragin izango du, aurrerantzean, gure inguruan?
Klima erradikalizatu egingo da. Euskal Herrian edo Andaluzian ondorioa ez da berbera izango. Andaluzian sikate gehiago izango dira, eta Euskal Herrian euria egingo du, baina egun gutxiagotan eta bortitzago.
Marea biziagoak ere izango dira.
Durangaldean frackingaren inguruko baimenak eskatuta daude. Frackingaren inguruan zer iritzi duzu?
Ez dihardut arlo horretan lanean, beraz, ez naiz aditua, baina badut nire iritzia. Garestiegia da gas naturala ateratzea, baina merkatuan prezio hori ordaintzen denez, atera egiten da. Frackingaren kontra nago. Klima aldaketaren ikuspuntutik, sistema txarra da. Gas naturala aterako dute, erre egingo dute, eta hori CO2 bihurtuko da. Energia berriak bultzatu beharrean, aukera errazena hartzea da. Betikoa egitea da, baina, gainera, lehen baino zailagoa da gas naturalera heltzea, eta ingurumenarentzat eragina txarragoa da.
Aldaketa klimatikoaren aurrean, noren esku dago neurriak hartzea?
Gobernuek martxan jartzen dituzten neurriak garrantzitsuak dira, baina gutako bakoitzak egunerokotasunean egiten duena ere garrantzitsua da. Nik, esaterako, ez daukat kotxerik. Garraio publikoa erabiltzen dut. Aukera pertsonalak dira. Argiaren edo uraren kontsumoa kontuan hartzea, adibidez. Erabaki asko hartu daitezke kontsumitzaile moduan. Gizarteak presioa egitea ere garrantzitsua da, gobernuek zer edo zer egiteko.
Master bukaerako proiektua Suedian egin zenuen.
Ingeniaritza Kimikoa San Mamesen ikasi nuen, eta bosgarren urtean Suediara joan nintzen energia sistemen inguruan ikertzera. Proiektuaren helburua biodiesela sortzea zen. Sistema bat bilatu gura genuen Suediako baserritarrek biodiesela etxean egiteko. Osagaiak normalean berotasunagaz biodisesela egiten da. Nik laborategian frogatu nuen berotu barik ere egin daitekeela.