Etxe kaleratzeen aurreko konpromisoak betetzea eskatu du EH Bilduk

Anboto 2014ko mai. 26a, 13:56
EH Bilduk prentsaurrekoa eman du etxe kaleratzeen gaiari buruz berba egiteko. Gogoratu dute udalak hainbat konpromiso hartu zituela 2012an, eta esan dute gobernu taldeak ez duela bat ere bete.

Etxe kaleratzeen gaia udalbatzarrera eroango du bihar EH Bilduk -Bildu eta Aralar udal taldeak-. Azaldu dute iaz Eusko jaurlaritzaren menpeko Bizigune programan kaleratze bat egon zela, eta aurten dagoeneko bi gertatu direla. Adierazi dutenez, udalak ez zeukan horren berri. "Larria iruditzen zaigu udalak ezer ez jakitea", esan du Dani Maeztuk. Horren harira, udala eta Jaurlaritzaren artean hitzarmen bat adostea gura dute, gutxienez kaleratze bat ematean informazioa partekatzeko. Horrez gainera, sektore pribatuan 60 bat desjabetza landu zituzten Durangoko epaitegian, barruti judizial osoa kontuan hartuta.

Eider Uribek gogora ekarri du 2012an mozio bi onartu zirela udalbatzarrean etxe kaleratzeen inguruan; bata M15 Durangaldea mugimenduak sustatuta eta bestea Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk. "Denbora pasa da eta ez da ezer egin", Uriberen esanetan. Maeztuk aipatu ditu hartutako konpromiso batzuk; kaleratzeak aurrera eroaten dituzten banketxeetatik dirua ateratzea, eta kaleratuentzako hartuemanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat ipintzea, adibidez.

EAjren aurka egin dute zinegotzi independentistek, herritar guztiak ez dituela kontuan hartzen leporatuz. "EAJ sektore konkretu batentzat dabil lanean", esan du Uribek. Hari beretik egin du berba Maeztuk; bere ustez, EAJrentzat "bigarren eta hirugarren mailako herritarrak" daude. Uribek ohartarazi du, gainera, kaleratuak direnak arazo ekonomikorik gehien edukitzen dituztenak izaten direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!