Odol analisien emaitzak gaztelaniaz baino ez dituztela ematen kritikatu dute

Anboto 2014ko maiatzaren 26a

Osakidetzak odol analisien emaitzak gaztelania hutsean ematen dituela-eta, zerbitzu hori euskaraz ematea eskatzeko kanpaina bat ipini dute martxan mediku batzuek.

2013ko irailean salaketa publikoa egin zuten 40 bat sendagilek, eta horietako batzuk kontsultategira doazen herritarrak informatzen hasi dira orain. Durangoko Landakoko anbulatorioan oharrak banatzen dabiltza, esaterako.


Legez, herritarrek analisien emaitzak hizkuntza bietan edo euskara hutsean jasotzeko aukera daukatela azaltzen dute banatzen dabiltzan oharrean. Baina, “zoritxarrez”, gaztelania hutsean daudela, eta horrek legea urratzen duela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Osakidetzak ez bezala, Mutualiak arazorik barik euskaraz ematen dituela nabarmendu dute.


Elkargoak ere bai
Adierazi dutenez, Bizkaiko Sendagileen Elkargoak ere eskaera bera egin zion Osakidetzari. Momentuz ez da aldaketarik egon, eta, horrregatik, herritarrak informatu gura izan dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!