Maria Cristina CujCuj Portuguez: "Gutako askok Bateginez elkartearen programaren bidez egin dugu aurrera"

Anboto 2014ko mai. 25a, 09:00
Durangoko Bateginez gobernuz kanpoko erakundeak 1994an umeak babesean hartzeko proiektua jarri zuen martxan Pochutan (Guatemala). Maria Cristina Cujcuj Portuguezek ekimen horri esker goi mailako ikasketak burutu ditu, eta hiriburuan dihardu lanean.

Bederatzi neba-arrebako familia bateko kide izanda, gazteagoek ikasten jarraitzeko dirua bidaltzen du etxera. Durangoko amabitxiak beragaz egin duen moduan, berak ere familiako gazteei etorkizun hobe bat ematen lagundu gura die. Durangora bidaiatu du egunotan, amabitxi horren familia eta herria ezagutzera.

Zelan hartu zaitu Durangoko familiak?
Oso polita izan da dena. Nire neba Luisegaz egin dut Guatemalik honako bidaia. Madrilgo aireportura etorri zitzaigun bila nire amabitxia. Asteburu-pasa Nafarroara eraman nau; jatetxeetara ere bai, hemengo gastronomia ezagutzeko... Leku asko bisitatu ditugu. Mendira ere joan gara, eta asko gustatu zaigu inguru hau guztia.


Zer hartu-eman duzu Durangoko amabitxiagaz?
Hiru urte nituenean sartu nintzen babesean hartzeko proiektu honetan. Gabonetan gutun bat idazten nion nire amabitxiari, eta Bateginez eta APSADEC elkarteek bitartekaritza egiten zuten bere gutunak niri eta programako gainerako umeei heltzeko. Hemengo familiaren argazkiak bidaltzen zizkidan. Orain dela gutxi, nire amabitxiak bidaia luze bat egin zuen, eta Guatemalatik pasatu zen. Pochutan nigatik galdetu zuen, baina une hartan hiriburuan nenbilen lanean. Aurrez aurre elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Bateginez elkarteagaz ere etorri zen beranduago bisitan. Durangora etortzeko esan zidan, inguru hau ezagutzera, eta horrela sortu zen bidaiatzeko aukera.

Zertan datza ikasleak babesean hartzeko proiektua?
Osasunean eta hezkuntzan oinarritzen den proiektua da. Lehen Hezkuntza doan den arren, oinetakoak, uniformeak eta eskolako materiala erosteko laguntza eskaintzen dute. Gainera, janaria banatzen dute, eta urtean behin mediku azterketa bat egiten dute. Bigarren hezkuntzan, matrikula eta hileroko kuotak ordaintzeaz gainera, eskolako materiala eta uniformeak ordaintzen dituzte. Gainera, Lanbide Heziketa egiten dugunoi, kanpora ikastera bagoaz, ikasketak eta ostatua ordaintzen dizkigute, tope batera arte.


Irakaskuntza publikoak zelan funtzionatzen du?
Pochutan Guatemalako eskolatze tasarik baxuena dugu. Lehen Hezkuntza doan den arren, eskola materiala eta uniformeak erostea garestia da baliabiderik ez duten familientzat. Programa honi esker, 200 gaztek baino gehiagok Lehen Hezkuntza amaitu dute. 2000. urtean bigarren hezkuntzako bekak ematen hasi ziren. Horretaz gainera, 47 gazte graduatu gara, 28 emakume eta hemeretzi gizon.

Zertan diharduzu orain?
Idazkaritza exekutiboa ikasi nuen, eta orain hiriburuan lan egiten dut, Pochutatik ordubetera. Bederatzi neba-arreba gara, eta ahal dudana bidaltzen dut etxera gazteagoek ikasketekin jarraitu dezaten. Luis, nire neba, nigaz bizi da hiriburuan.

Bateginez eta APSADEC elkarteek zelako lana egiten dute Pochutan?
APSADEC bertako elkarte bat da, eta Bateginezegaz batera hainbat proiektu ditu martxan. Etxe soziala izan da lorpen handienetako bat. Programa hauek bultzatzeko bulegoa, farmazia eta klinika txiki bat ditugu bertan, eta elkarteko profesionalek ere bertan dihardute.

Potxutan zein ogibide nagusitzen da?
Hiriaren inguruan hainbat lursail daude, eta lan iturri nagusia kafea da. Lursailetan lana egon badago, baina soldata oso baxuak dituzte. Gutako askok Bateginezen programaren bidez egin dugu aurrera. Lursailetan irakasleak egon beharko lirateke, bertako umeei eskolak emateko; dauden irakasleek ez dute formakuntza handirik izaten, eta hezkuntza kalitatea ez da ona izaten.

Zein da emakumeen egoera Pochutan?
Genero indarkeria arazo larria da. Matxismo handia dago, eta gizonezkoei lehentasuna ematen zaie arlo guztietan. Emakumeonganako diskriminazio handia dugu. Bestetik, biztanleria oso gaztea da, eta neska askok abortatu egiten dute, haurdun gelditzen badira; batzuetan baldintza txarretan, gainera. Era berean, GIB arazo larria daukagu Pochutan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!