Su hartu du Durangoko Panda jatetxe txinatarrak

Anboto 2014ko mai. 19a, 21:09
20:45 aldera sua sortu zen jatetxean, eta 21:00etan hasi ziren suhiltzaileak amatatzeko lanean. Denek garaiz irten zuten barrutik. Ke handia eragin zuen, eta bloke bereko etxeetako bizilagunak kalera atera zituen Ertzaintzak. Argindarra joan zen eta horregatik etxetik kanpo pasa dute gaua batzuek, senideen etxeetan edo hoteletan. Bestelakoan, badirudi ez dagoela kalterik etxeetan, eta bizilagunak bueltatu ahal izan dira etxera.

Panda jatetxean sua piztu zen atzo iluntzean, eta oraindik kalteak norainoko heldu diren jakin ezin den arren, sua tamaina handikoa izan zen. Etxeetatik bizilagunak atera zituzten arriskuaren aurrean. Jatetxetik ke piloa atera zen, baita etxe blokeko patiotik ere. Alluitz eta Frai Juan Zumarraga kaleak zein Iurreta ingurua kez bete ziren.

Dagoeneko bueltatu ahal izan dute etxera. Aitziber Irigoras alkatea eta Mari Jose Balier alkateordea bertan izan ziren, eta Balierrek esan zuen ez zirudiela kalte handirik zegoenik etxeetan. Baina argindarra joan zenez, gaur ikusi beharko dela eragina zelakoa izan den. Alluitzeko beste etxe batzuetan gas hornikuntza ere etenda egon da sutearen eraginez.

Hasieran, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak trafikoa ebaki zuten kale biak batzen dituen biribilgunean.  Minutu gutxi batzuetara berrezarri zuten.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!