DAZi erantzunez, terrazekin araudia betetzen dela dio Dendak Bai elkarteak

Anboto 2014ko mai. 16a, 12:52
Joan zen astean DAZ (Durangoko Alde Zaharra) auzo elkarteak hainbat kexa publiko egin zituen, eta horietako bat hainbat tabernen terrazak arauditik kanpo zeudela zen. Dendak Bai elkarteak esan du Alde Zaharrean terraza bi bakarrik daudela tamaina muga pasatzen dutenak, eta ez direla elkartekoak.

Merkatarien elkartekoek esan dute kasu batzuk badaudela, baina ezin dela orokortu. "Ezarritako mugak gainditzen dituzten Alde Zaharreko terrazak bi baino ez dira eta Dendak Bai elkartetik kanpo daude". Elkarteko tabernek araudia zorrotz betetzen dutela azaldu dute.

Bestalde, terraza bat handitzeagatik Andra Mariko iturria metro batzuk mugitzeak ere kritikak izan ditu. Baina Dendak Bai-k nabarmendu du terrazen legeak baimentzen duela, eta uste du onerako dela: "Araututa dagoen aukera bat da, ideia ona dena eta enpresariak ordaintzen duena".

Erantzun hauekin gutun bat bidaliko diete DAZekoei, eta elkarlanean aritzeko prestutasuna erakutsiko dietela gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!