Pochutako neska batek laguntzari esker bizitakoa azalduko du

Anboto 2014ko mai. 14a, 13:41
Bateginez elkarteko kideak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan
Bateginezen bidez amabitxia dauka Pochutako Cristina Cuj Cuj Portuguezek. 1995ean eskolan hasteko aukera eduki zuen laguntza horregatik. Gero, bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan ere ikasi ahal izan zuen. Durangon dago bisitan, eta berbaldia eskainiko du maiatzaren 22an, 18:30ean Pinondon.

 

Cristina Cuj Cuj Portuguez izan zen Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundearen laguntza jaso zuen Pochutako (Guatemala) lehenengo umeetako bat. Durangaldeko emakume bat bere  amabitxi  bihurtu zen Bateginezen kanpainak bultzatuta, eta  1995ean eskolan hasteko aukera eduki zuen laguntza horregatik. Gero, bigarren hezkuntzan eta lanbide heziketan ere ikasi ahal izan zuen. Gainera, urtero osasun azterketa bat egin izan diote. Amabitxiagaz sortutako hartuemanagatik bisitan etorri da, eta datorren eguenean, maiatzak 22, laguntzari esker bizitakoa azalduko du 18:30ean Pinondon.


Portuguezen antzera, dozenaka ume lagundu dituzte 20 urteotan. Adibide lez, azken hamar urteetan 665.000 euro bideratu dira Durangaldetik. Baina, diru-emaileen kopuruak behera egin du krisiaren eraginez; 2004an 334 pertsonak beste horrenbetse ume babestu zituzten, eta aurten 275 dira. Horregatik, Bateginezekoek elkartasun ekimenera batzeko deialdia egin dute; urtean 200 euro balio du umea babesteak. Hilaren 17an eta 24an mahaiak ipiniko dituzte Alde zaharrean, 10:30etik 13:30era. Hilaren 31n, bestalde, Pastel Maratoia egingo dute arratsaldez Andra Marin, eta bertan jasoko dituzte Pochutarako ekarpen solidarioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!