Inurri eskaut taldearen urtemuga ospatzeko, ekitaldietan apuntatzera deitu dute

Anboto 2014ko mai. 12a, 09:50
Ekainaren 1ean, 7an eta 8an 30. urtemuga ospatuko du Inurrik. Gaur eta bihar eman beharko dute izena ekintzetan parte hartu gura dutenek.

Durangaldeko eskaut talde bakarrak 30 urte bete ditu aurten. Efemeride hori ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte ekainaren 1, 7 eta 8rako. Adierazi dute euren helburua Inurritik urteotan igaro diren ume, begirale eta gurasoak elkartzea dela, eta horretarako "jaialdi izugarri" bat egingo dutela. 30 urte bidea sortzen lema ipini diote urtemugari. Aisialdi taldearen balioa nabarmendu dute arduradunek, baita euren filosofia ere: "Gazte askorentzat inurrin pasatako momentuak gaztaroko oroitzapen onenetakoak dira; Duraldalgearentzat, berau izan baita zalantzarik gabe, giza eta kristau etorkizunerako inbertsiorik handiena". Balio horiez gainera, integrazioa, euskal kultura, biolentzia eza, berdintasuna eta beste zenbait ere lantzen dituzte. Inurriko kideak bolondresak dira eta boluntariotzaren aldeko apustua berretsi dute.

Urtemugako egunen aurretik, argazki lehiaketa egingo dute, eta lan horiek hilaren 22tik 25era san Agustinen ipiniko dituzte ikusgai, Inurriren historia errepasatzen duten beste argazki batzuekin batera. Ekainaren 1ean, taldeak lehenago zeuzkan lokalak eta baserria bisitatuko dituzte. 7an eta 8an, ostera, udako kanpaldi berezia egingo dute Zuatzola parkean. Ekintza guztietan parte hartzeko, gaur eta bihar (maiatzak 12 eta 13) egongo da apuntatzeko aukera. 18:30etik 20:30era egongo dira euren egoitzan, Kurutziaga kaleko Garai Palazioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!