Bost lagun atxilotu dituzte etxeetan lapurtzea egotzita

Anboto 2014ko mai. 9a, 09:55
Durangon hiru pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak martitzen goizean, San Roke kaleko etxe batean ustez lapurtu zutelakoan. Gero, arratsaldean, beste lagun bi atxilotu zituzten Bilbon talde berekoak izan zitezkeelakoan. Ertzaintza ikertzen dabil Durangon duela aste batzuk jazotako lapurreta kateagaz zer ikusirik duten edo ez.

 

Ertzaintzak duela aste batzuk hasi zuen operazioa. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, lapurretak egiten zituen talde mugikor baten presentzia igarri zuten Bizkaian. Pertsona horiek jarraitu, eta Durangon harrapatu zituzten hiru martitzenean. Antza denez, hainbat bitxi zeramatzaten gainean hiru gazteek, eta dirua ere bai. Ateak indarrez zabaltzeko tresneria ere bazeukatela esan du Ertzaintzak. San Roke kaleko etxe batean lapurtu zituztela egiaztatu ahal izan zuten horren ostean. Etxe horretako atea indarrez zabaldu zuten, eta beste baten sartzen ere ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu.

Ertzaintzak azaldu du talde honek etxeak zaintzen zituela aurretiaz, eta gero barruan jenderik ez zegoenean egiten zutela ekintza. Prentsa oharrean adierazi dute atxilotuak Georgiakoak direla. Atzo deklaratu zuten epailearen aurrean, eta hiru kartzelaratu zituen. Beste biak libre baina karguekin utzi zituen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!