Lagun bi atxilotu dituzte Durangon lapurreta saiakeragatik

Anboto 2014ko maiatzaren 8a

San Fausto auzoko lonja batean lapurretan egiten saiatu dira bart. Atxilotu biek 23 urte dituzte.

 

Bart, 03:00etan, San Faustoko bizilagun batek ertzainei deitu die, lagun bi lonja bateko pertsiana bortxatzen zebiltzala abisatuz. Ertzainak bertaratu direnean, pertsiana bortxatuta zegoela ikusi dute eta atea ere palankekin behartuta zegoela. Ondoren, gizonezko bat lonjaren ondoan dauden zuhaixka batzuen ostetik irteten ikusi dute.  Gizonezko horrek ihesari eman dio ertzainak ikusi dituenean. Ertzain batek harrapatu egin du eta susmagarriak ertzaina kolpatu egin du, Ertzaintzak argitaratutako prentsa oharrak jasotzen duenez. Zuhaixken ondoan zintzel eta linterna bana aurkitu dituzte eta 23 urteko gizonezkoa atxilotu egin dute. Handik zati batera, lapurretan ustez inplikatuta egon den beste laguna Iurretan atxilotu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!