Berbarok irudi berriagaz ospatuko du 25. urtemuga

Anboto 2014ko mai. 8a, 09:59
Eider Alberdik diseinatutako logotipo berria ezagutzera eman zuten atzo iluntzean Plateruenean egindako aurkezpenean. Urteurrena maiatzaren 24an ospatuko dute, egun osoko jaiagaz.

 

Berbaro euskara elkarteak mende laurdena bete du aurten. Urtemugaren harira, elkartearen irudi berria aurkeztu zuten eguaztenean Plateruena Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. Eider Alberdi diseinatzaileak sortu du aro berri honetarako irudia, eta logotiboa ezagutarazi zieten bertaratutakoei. Era berean, Eider Eibar ilustratzaileak 25. urteurrenerako egindako marrazkia marraztu zuen Eibarrek berak kafe antzokian.


Maider Uribe Berbaroko presidenteak gogoan izan zituen 25 urte hauetan euskaraz bizitzeko urratsak emateko elkarteak urteotan izan dituen bidelagunak. “Pausoz pauso, zuotako askoren lanari esker, euskal komunitate sendoa eratu dugu Durangaldean”. Tartean, Anboto astekariaren sorrera eta Plateruena Kafe Antzokiaren sorrera ere gogora ekarri zituen.


Aurrera begira, euskararen aldeko mugimenduko beste eragile batzuekin elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Euskalgintzako kideak alboan gura ditugu, egunez egun mundua euskaraz eraikitzen ari garenon arteko elkarlana ezinbestekoa da guretzat”.


Maiatzaren 24rako egun osoko jaialdia antolatuko du Berbarok. Plateruenean prestatuko duten bazkarira joateko txartelak salgai daude antzokian eta Berbaroren bulegoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!