Oinezko, ziklista eta auto gidarien arteko elkarbizitza sustatu gura dute

Anboto 2014ko mai. 7a, 17:28
Stop Accidentes elkarteak eta udalak sinatutako hitzarmen bati eskerrak, mugikortasunaren inguruko sentsibilizazio kanpaina bat garatuko da datozen asteetan.

Herrian joan-etorriak egiteko ohiturak aldatzen dabiltza; gero eta gehiagok aukeratzen dute bizikletan ibiltzea bidegorritik. Horregatik, erabilera jasangarri hori bultzatzeaz gainera, trafiko arloko segurtasuna hobetu gura dute. Elkarbizitzaz berba egin du aurkezpenean Rosa María Trinidad Stop Accidentes elkarteko kideak: “Oinezko, ziklista eta gidarien arteko elkarbizitza sustatu gura dugu, Durango seguruagoa eta atseginagoa egiteko”.

Kanpainaren jatorria Tokiko Agenda 21eko foroan dago, Aitziber Irigoras alkateak kontatu duenez. Mugikortasunaren inguruan beharrizan bi sortu ziren eztabaidetan. Batetik, bidegorria lako obrak egitea, eta bestetik, sentsibilizazio kanpaina bat garatzea. Udalak aurtengo aurrekontuan sartu du kontzientziazio ekimena, PSE-EEren iniziatibaz. Pozik agertu da Idoia Agorria sozialista: “Elkarteekin lan eginez, sinergiak aprobetxatzen dira”.

Trinidadek azaldu du kanpaina. Bizikletariengan pentsatuta, esku-orriak kaleratuko dituzte: bidegorritik zelan ibili, kaskoa eta txirrinaren erabilera... Bideo bat landu dute Interneten zabaltzeko, eta zenbait lagun agertzen dira bertan babesa ematen; Cristina Petite eta Jon Karro kirolariak eta Usue Martinez kantaria adibidez.  www.paisvasco.stopaccidentes.org webgunean dago informazio guztia.

Duranguesa txirrindulari elkartea ere batu da kanpainara. Duranguesako Jokin Bilbaok esan du San Antonio-Santa Rita, Nevers eta Jesuitak ikastetxeetan berbaldiak eskainiko dituztela. Gainera, ekainaren 7rako bidegorritik irteera bat antolatuko dute. Ekainaren 25ean amaituko dute egitaraua, konferentzia bategaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!