"Elkarrizketa barik ez dago akordiorik"

Anboto 2014ko mai. 5a, 12:28

DAZ (Durangoko Alde Zaharra) elkarteak prentsaurrekoa eman du euren eskaerak azaltzeko. Karkabak, zarata, segurtasuna... Auzokideen arabera, udalagaz batzartu ziren 2010ean eta 2012an, baina ez die kasurik egin. "Alboratuta sentitzen gara". Adostasunera ailegatzeko, lehenengo elkarrizketa egon behar dela esan dute.

"Elkarlana gura izan dugu beti". DAZeko kideek adierazi dute prentsaurrekoa emanda udalaren jarreran eragiteko esperantza daukatela: "Badirudi hori dela auzokideen ahotsa entzunarazteko modu bakarra".  Kontatu dute 2010ean eta 2012an batzar bana egin zutela udalagaz, eta bertan aurkeztu zituztela euren erreibindikazioak. Baina, "erantzuna isiltasuna izan zen". Aurtengo otsailean idatzi bat sartu zuten erantzunak jasotzeko, eta apirilean erantzun diete. Elkartekoen ustez, ez diete soluziorik eman.

Alde Zaharrean hainbat arazo daudela adierazi dute DAZekoek. Eraikin gehienak zaharrak direnez, igogailurik ez dagoela, eta auzokide asko zaharrak izanda arazo larria dela uste dute. Horregatik, beharrezkoa ikusten dute igogailuak ezartzeko azterketa eta araudi bat. Alde Zaharra birgaitzeko plan berezia zelan dagoen galdetu dute. Udalak esan die badaudela igogailuak ipintzeko laguntzak, baina auzokideen berbetan, bizilagun batzuek obra egiteko karkaba erabili ahal izatea eskatu dutenean ez diete utzi. Karkabak ere badira DAZekoen kezka iturri. Azken urteetan bat konpondu dute osorik –Artekale eta Goienkale artekoa–, eta beste baten zati bat ere bai. Zikinkeriaz gainera, suteekin daude batez ere arduratuta. Gogoratu dute duela urte batzuk suteak egon zirela, eta iaz Bermeon gertatutakoak askoz gehiago beldurtu dituztela. Horregaz lotuta, ebakuazio plan bat behar dela diote: "Suhiltzaileek ere esan ziguten zaila dela bertan sartzea".

Lurra labainkor dagoela eta jende asko jausten dela esan dute. Laban eginda jausten direnei deia egin diete, kasu horiek udalean komunikatzeko. Udalak esan du hiru hilerik behin ikuskatzen duela lurra brigadak. Beste kexa bat zaborragaz lotutakoa da. Herritar eta merkatariek kontainerrak txarto erabiltzen dituztela azaldu dute DAZekoek. Lurpeko edukiontzien inguruak zabor poltsez betetzen direla, eta mantenuaz arduratzen den enpresari arazoak konpontzea exijitu behar zaiola uste dute. Erabilera txarraren eraginez birziklapenaren katea apurtzen dela kritikatu dute. Kalea garbitzeko makinak zarata handia sortzen duela ere aipatu dute. Udalak azaldu du herritarrak informatu dituela erabilera egokia sustatzeko, eta zenbait ekintza ere garatu dituela, ostalariei lurpeko kontainerren ahoak zabaltzeko giltzak banatzea, adibidez.

Udalak esan die zaraten mapa egiteko dagoela, baina DAZekoen arabera, azterketa hori eginda dago; 2008an egin ei zen Agenda 21etik bultzatuta. "Borondate politikoa falta izan da neurri zuzentzaileak aplikatzeko". Zarata horien artean, terrazak batzean sortzen dena ere bai. Kritikatu dute terrazek leku handia hartzen dutela: "Batzuk tabernak baino handiagoak dira". Udalak erantzun die ordenantzaren arabera lekuak eta ordutegiak mugatuta daudela.

Segurtasunagaz lotuta, auzotarren iritziz udaltzainen presentzia txikia da Alde Zaharrean, egunez zein gauez. Asteburuetan, gauez, Goienkalen presentzia hori ez dela behar uste dute, baina Kalebarrian eta Komentukalen bai. Udaltzaingoa eta Ertzaintzatren arteko akordio bat ere eskatu dute zaintza hobetzeko. Udalaren esanetan, koordinazio mahai bat badago martxan.

Aurrera begira

DAZek, aurrera begira, lan eredua aldatu gura du. Ekainean asanblada zabal bat egiteko asmoa daukate,bizilagunekin zuzeneko tratua eduki eta dakitenaren berri emateko. Udalak, bere aldetik, Alde Zaharrean lanean jarraituko duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!