Gaixotasun arraroa edo ezohikoa daukan Durangoko ume txiki bat da Inar. Sindromearen izena 4p- da, eta Wolf Hirschhorn lez ere ezagutzen da, aurkitu zuten medikuei erreferentzia eginez. Laugarren kromosomaren zati bat falta denean sortzen da, eta hainbat ondorio dakartza: ezintasun intelektuala, berba egiteko ezintasuna kasu askotan, arazo neurologikoak, konbultsio epileptikoak, hazteko arazoak edota elikatzeko zailtasunak. Batez beste, 50.000 pertsonatik batek eduki ohi du sindrome hau. Kurutziaga ikastolako 2. DBHko ikasleek Inarren egoeraren berri eduki zuten, eta berari laguntzeko elkartasun azoka antolatu dute maiatzaren 10erako. Ikasleak eta herritarrak hurreratzera animatu dituzte.
Produktuak dohaintzan jaso eta azokan ipiniko dituzte salgai. 1.000 ikasle inguru dabiltza ikastolan, eta, adibidez, liburuak, jostailuak eta bizikletak eroateko deia egin diete sustatzaileek. Gainera, herritarrek ere lagundu ahalko dute; gauzak batzeko, idazkaritzaren aurrean kutxa batzuk ipini dituzte. Azokan ateratako irabaziak Inarrentzat eta bere familiarentzat izango dira. Izan ere, horrelako gaixotasunei aurre egiteko eta ikertzeko dirua behar izaten da.
Famatuen babesa
Azokak indarra hartu du ekimenari hasiera eman ziotenetik. Horren adibide da pertsona famatuek emandako babesa, kamisetak eta sorkuntza lanak oparituta: Aimar Olaizola, Kirmen Uribe, Bizkarra txirrindulariak, Zigor Iturrieta korrikalaria, Zea Mays taldea, Iraia Iturregi eta Ander Herrera Athleticeko jokalariak...
Hurrengo zapatuko azoka 10:30ean hasiko da Kurutziagan bertan. Goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, eta jolasak eta puzgarriak ere ipiniko dituzte. 17:30ean sokatira erakustaldia eskainiko dute, eta Irrien Lagunekin emango diote amaiera Inarren aldeko jaialdiari.