Formatu berriagaz, lau elkarrizketa dakartza 2014ko Bertsozale Eskolak

Anboto 2014ko api. 29a, 12:17

Euren ‘bertso-ibilbideez’ ariko dira Xabier Amuriza, Manolo Arozena, Andoni Egaña eta Imanol Lazkano. Unai Iturriagak, Erika Lagomak, Igor Elortzak eta Miren Amurizak gidatuko dituzte elkarrizketak. Lehenengoa maiatzaren 8an izango da, eta Unai Iturriagak Xabier Amuriza elkarrizketatuko du.

 

Zortzi bertsolariren arteko solasa izango da, Plateruenak antolatzen duen DF Bertsozale Eskolan, entzungai, aurten. Lau hitzordu izango dira, eta horietako bakoitzean bertatik bertara elkarrizketatuko du bertsolari batek beste bat. Maiatzaren 8an, kasurako, Unai Iturriaga Xabier Amurizagaz ariko da solasean.
Manolo Arozena, Andoni Egaña eta Imanol Lazkano bertsolariak izango dira Bertsozale Eskolako hurrengo hiru eguenetako protagonistak; Erika Lagomak, Igor Elortzak eta Miren Amurizak elkarrizketatuko dituzte, hurrenez hurren.


Ibilbide luze eta oparoko lau bertsolari euren bizipenak konpartitzera gonbidatu dituzte aurten, Bertsozale DF antolatzen duten Plateruenak eta Durangaldeko Bertso Eskolak.


Seigarren urtez antolatu dute ekimen hau Durangoko Kafe Antzokian. Bertsogintzaren askotariko gaien inguruko interesa dutenei elkargune bat eskaintzeko helburuz antolaturiko ekimena da Bertsozale Eskola, eta oso harrera beroa egin diote aurreko edizioetan bertsozaleek. Epailetzaz, gaijartzailetzaz, edota bertsolariaren sorkuntzaz berbetan entzun dituzte parte hartzaileek protagonistak, eta bertsolaritzari loturiko askotariko gaien inguruko ikastaro praktikoak ere burutu dituzte, aurreko edizioetan.


Doakoak izango dira saio guztiak, eta Plateruenean bertan edo antolaketa@plateruena.net helbidean eman daiteke izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!