EAJren etxebizitza politika kritikatu du EH Bilduk -Bildu eta Aralar-, eta PSE-EE eta PPren kontra ere gin du, Faustegoienako proiektua babestearren. Hain zuzen ere, Faustegoienako lursailean eman du prentsaurrekoa koalizioak. “Udal etxebizitza politikaren porrota hoberen islatzen duen lekuan”.
Faustegoienan babeseko 118 etxe eraikitzea aurreikusi zuen udalak. Bankuek maileguak lortzeko ezarritako baldintzen ondorioz, ez zen nahikoa eskatzaile agertu, eta proiektua bitan zatitu zuten. Lehenengo fasean 70 etxe daude, 58 jabetzan eta 12 alokairuan. Akats informatiko baten erruz zozketa birritan egin ostean, adjudikatzaile askok ere ez zituzten bankuen baldintzak betetzen. Egoera horretan, promozioa Bizkaia osora zabaldu zuten urtarrilean. Izan ere, gutxienez jabetzako 46 etxe eman behar dituzte proiektuak aurrera egin ahal izateko. EH Bilduren arabera, dagoeneko 86 lagunek egin diote uko etxeari, eta hogei bat inguru bakarrik onartu dituzte.
EH Bilduren iritziz, etxeak jabetzan emanda udalerako etekina atera gura dute EAJ, PSE-EE eta PPk. Horren aurrean, etxe guztiak alokairuan egotea gura dute: “Justuena izateaz gain, hainbat herritarrentzat aukera bakarra delako”.