Fumbarrin silikosiari aurre egiteko prebentzio neurriak eskatu ditu LABek

Anboto 2014ko api. 28a, 11:04

Lan Osasunaren eta Prebentzioaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta horren harira protesta egin du LAB sindikatuak Fumbarri enpresaren parean. Ohartarazi dute enpresako beharginen %10ak silikosia daukala, eta kopurua goraka doala azken urteetan. Enpresak ez duela prebentzio neurririk ezartzen salatu dute.

LABeko hainbat kidek ordu eta erdiko kontzentrazioa egin dute gaur Fumbarri enpresari silikosiaren aurrean neurriak har ditzala eskatzeko. Sindikatuko exekutibako Asier Imazek parte hartu du bertan, eta enpresari eskatu dio azterketa bat egin eta prebentziorako inbertsioa egin dezala.

90 behargin inguru daude Fumbarrin. LABen arabera, enpresak gaixo daudenei ez dizkie gutxieneko baldintzak bermatzen: "Enpresak ez du inolako borondaterik arazo honi irtenbiderik emateko". Silikosia fundizio eta marmoldegietako gaixotasuna da, silize hautsa dagoen lekuetakoa, eta laneko gaixotasun lez onartuta dago.

 

EH Bilduren babesa

EH Bilduko Dani Maeztu legebiltzarkideak ere parte hartu du kontzentrazioan. Koalizioak Fumbarriko langileen egoera salatu gura izan du, "larria eta tamalgarria" euren ustetan. Prebentzioa erakunde publikoen ardura ere badela diote: "Halakorik gerta ez dadin, ezinbestekoa da erakunde publikoen kontrola".

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!