Landako Gunearen datu ekonomikoek gestioari buruzko eztabaida eragin dute udalean

Anboto 2014ko api. 25a, 09:00

2004an zabaldu zuten Landako Gunea, Durangoko Azokaren egoitza izateagatik ezaguna egin den eraikina. Udala 7,5 milioi euroren truke egin zen pabiloiaren jabe, eta inbertsio horri aurre egiteko eskatutako 5,6 milioi euroko mailegua ordaintzen dabil oraindik. 2,6 milioi inguru falta dira, eta urteotan pilatutako interesa 845.000 eurora heldu da.

Gainera, pabiloia kudeatzeko LESA enpresa publikoa sortu zuen udalak, eta azken sei urteetan 1.444.000 euro ipini ditu enpresaren gastu orokorra estaltzeko. Baina defizitarioa izan da, eta 300.000 euro gehiago suposatu dizkio. Beste 490.000 euro ere ordaindu ditu udalak, bere ekintza batzuk garatzeko Landako Gunea erabiltzearren. Datu horiek guztiak mahai gainera atera eta eztabaida eragin dute Bilduk eta Aralarrek.

“Errentagarria izango zela saldu ziguten”. Dani Maezturen berbak dira. EH Bildun batzen diren alderdi biek esan dute ez dela errentagarria izan ekonomikoki, ezta sozialki ere. Pabiloiaren erabilera “oso txikia” da Eider Uriberen arabera. Bere ustez, oso garestia da alokairua, eta, ondorioz, herriko taldeek ezin izaten dute erabili. 2013an 28 ekitaldi antolatu ziren bertan.

Egoera horri buelta eman guran, LESA enpresa publikoa desegin eta kudeaketa udalak bere gain hartzeko alternatiba aurkeztu dute udalean. Dani Maeztuk azaldu du gestio zuzena ipini gura dutela martxan, Astarloa erakunde autonomotik kudeatuta. Horrela, urtean 75.000 euro aurreztea lortuko luketela uste dute. Uribek erabileraz sakondu du: “Badakigu horrelako espazio batek gastua behar duela, baina kontua da hutsik dagoela. Herritarrei zabaltzea gura dugu, erabilera soziala edukitzea”.

LESAko gerentea bota berri dute, eta egun bost behargin daude, hiru aparkalekuan eta beste biak administrazioan. Horiek subrogatu eta gerora lan eskaintza publikoa egitea gura du EH Bilduk. Bestalde, aparkalekua publikoa izatea eta ordenantza bidez arautzea eskatu dute.

 

Babesik ez

EH Bilduren proposamenak ez du gainontzeko alderdien babesik jaso. EAJren gobernu taldeak adierazi du Bilduren eta Aralarren proposamena “ezjakintasun hutsaren gainean eraikita” dagoela. Jeltzaleen ustez, LESA desegin eta udaletik gestionatuz gero, “esparru zurrunagoan” sartuko litzateke: “Izugarri gehituko lituzke udalaren zuzeneko gastuak, eta jarduera ekonomikoan aritzeko enpresak daukan malgutasuna desagertuko litzateke”. EAJren iritziz, krisiak LESA eta negozio aukerak kaltetu ditu. Edozelan ere, enpresaren bideragarritasuna eta iraupena defendatu ditu. Gogoratu du enpresa gaztea dela, eta eskaintza eta bezeroak guztiz finkatu barik dauzkala.


Pilar Riosek (PSE-EE) ere esan du enpresa publikoaren alde daudela. Likidazioagaz aurrezki esanguratsurik ez litzatekeela lortuko uste du, eta gestioan ere igarriko litzatekeela: “Gaur egun kontuekiko daukagun kontrol totala murriztuko litzateke”. Riosek adierazi du ez dela sasoi ona LESA lako azpiegiturentzat, baina euren ardura dela ekonomikoki eta sozialki gestio jasangarri bat egiten saiatzea. Pabiloiak bere gastuen zati bat finantzatzeko aukera bakarra dagoela dio Riosek, enpresei alokatzea. Prezio bi daudela gogoratu du: bat enpresei ezartzen zaiena eta bestea udalak eta herriko elkarteek egiten dituzten ekintzetarako dagoena. Azken kasu horretan nabarmendu du sortzen den gastua estaltzeko (argia eta garbiketa, esaterako) prezio zehatza ipintzen dela, errentagarritasun soziala bultzatu guran. “Kasu gehienetan udalak diruz laguntzen du”.


Juan José Gastañazatorre PPko zinegotziaren arabera, kudeaketa ez da eraginkorra izan orain arte. “LESA dinamizatuko duen kudeatzaile berria topatzea garrantzitsua da bezero berriak aurkitzeko”. Gainera, lasaitasuna islatu du: “BEC, Ficoba eta Landako Gunea gisako proiektuak defizitarioak izango zirela hasieratik genekien, beraz, horrek ez nau arduratzen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!