Pertsona nagusien erreflexu galera, trafikorako arrisku

Anboto 2014ko api. 3a, 09:13
Durangoko Udalak eta Stop Accidentes elkarteak pertsona nagusiak trafikoaren arriskuez kontzientziatzeko kanpaina egin dute. Informazio ekintzak garatu dituzte azken asteetan, eta trafiko arauen inguruko tailer bat ere bai; 60 lagunek parte hartu dute. Bizidun nagusien elkartearen laguntza eduki dute zabalkundean.

 
Udalak mugikortasun segurua indartu gura du, batez ere nagusien kasuan. EAEko datuak hartuta, 2012an auto batek harrapatuta hildako guztiak 64 urtetik gorakoak ziren.


Durangon 132 auto istripu egon ziren 2013an, eta horietatik hamabost izan ziren oinezkoak harrapatzeagatik: EAEko datuen kontrara, bakarra 55 urtetik gorakoa. Hala ere, beharrezko ikusten dute sentsibilizazioa. Oinezko lez ez ezik, gidari lez ere bai. Urteekin erreflexuak galtzen dira, eta asko ez dira horretaz konturatzen. Horregatik guztiagatik, tailerrean autoeskolako irakasle baten eta udaltzain baten oharrak jaso dituzte nagusiek. Udaltzainaren arabera, duela hamar bat urte Durangon urtean lagun bat hiltzen zen autoak harrapatuta. Bere ustez, trafikoaren antolaketak eta oinezkoentzat jarri izanak lagundu dute egoera hobetzen.


Baina, oraindik badago zer hobetu. Esaterako, Frai Juan Zumarraga kaleko zebra bideetan argitasun faltaz kexatu dira herritarrak; harrapatze gehienak bertan izan dira. PSE-EEk sustatuta hobekuntzak onartu zituzten aurrekontuetan, eta apirilean hasiko dituzte obrak.

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Marisa Griñon (Durango): "Interesgarria iruditu zait, memoria apur bat freskatzeko balio izan digu. Nik gidabaimena duela 49 urtetik daukat. Ez gara konturatzen urteekin erreflexuak galtzen ditugula.  
Batzuetan, zebra bidera heltzean oinezkoek ez dute begiratzen ea autorik-edo datorren. Automatikoki bidera salto egiten dute. Eta aparkatzerakoan, sarritan ez dugu pazientziarik edukitzen".

 

 

Jose Ignacio de Sola (Durango): "Bide hezkuntzan interesa badagoela uste dut, jende guztiaren partetik. Nagusion partetik handiagoa beharko luke, gure gaitasunak murrizten dabiltzalako.
Sarritan behar ez dugun lekutik gurutzatzen dugu bidea, eta eskubide guztien jabe garela uste dugu. Oinezko asko begiratu barik irteten dira. Sustoren bat ere izan dut; errespeturik ez duten gidari asko daude-eta."

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!