Eneritz Trigeros, arkitektua: "Orain arte bitan zatituta egon den Durango lotzeko aukera daukagu"

Anboto 2014ko api. 5a, 09:00
Karrera amaierako proiektua Durangoko trenaren lurperatzearen inguruan egin du Eneritz Trigeros Amantegik (Durango, 1987). Bere berbetan, "Durango hazten jarraitu beharrean, azalera hau aprobetxatu beharko litzateke".

 

Tren geltoki ondoko parkingean sei kotxe egon dira aparkatuta elkarrizketaren unean. Tren biltegia Lebariora noiz lekualdatuko duten ezin da jakin oraindik. Geltokitik irteten diren bidaiariak eskaileretan kontuz-kontuz dabiltza eroriko diren beldurrez. Komuna behar duenak, ez du aurkituko. Durango Operazioaren anbizio handiko aurreikuspenak horrela gelditu dira. Baina inguru horrek badu etorkizunik. Eneritz Trigueros arkitekto durangarrak trenaren lurperatzearen inguruan oinarritu du ikasketa bukaerako proiektua. Orain Vienara doa lanera.

Zelan bururatu zitzaizun ikasketa bukaerako proiektua trenaren lurperatzean oinarritzea?
Ikasketak amaitzerakoan proiektu moduan eraikin bat diseinatzeko eskatzen digute. Argi neukan gaztetxearen ondoko lursailean diseinatuko nuela nire eraikina. Baina Durango bere osotasunean hartu behar nuela konturatu nintzen. Azken finean, trenaren lurperatzeak aukera ezin hobea ematen dio Durangori dituen hutsuneak betetzeko. Eraikina diseinatzeaz gainera, trenaren lurperatzeagaz libre gelditu den trenbide luze honentzako proposamen bat izan da.

Durango osoa hartu duzu abiapuntutzat?
Lurperatzeari esker 66.000 metro koadro libre gelditu dira. Horrela, guztira 120.000 metro kaodroren izaera hobetuko da. Durango hazten jarraitu beharrean, azalera hori aprobetxatu egin beharko litzateke. Inguruan dauden beharrak asetu, eta, batez ere, iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura egin daiteke. Orain arte bitan banatuta egon den Durango lotzeko aukera dago.

Eraikitzerako orduan plangintza egokiak erabili izan dira?
Orain arte erabili izan diren hirigintza ereduen kritika egiten dut. Bat-batekoak dira, bat-batean auzune bat sortzen duten plangintzak dira. Alde Zaharrei garrantzi handia ematen diet. Astiro-astiro aldatzen eta moldatzen joan diren inguruak dira. Alde Zaharrak gertaera askoren metaketen ondorio dira.

Proposamena zelan gauzatu daiteke?
Aldaketa hiru fasetan egitea proposatzen dut. Zero fasea analisia izango litzateke. Lehenengo fasea egokitzea izango litzateke (harresiak bota, landaredia...). Bigarren fasearen helburua aktibazioa da. Hau da, hondar-lurrak erabilerarako aktibatu behar dira. Herritarren parte-hartzea eskatuko nuke aktibitate horiek aukeratzeko. Azkenengo fasea, berdentsifikazioa izango litzateke. Beharrezkoa balitz, eraiki egingo litzateke.

Herritarrek aukeratu dezakete?
Herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da. Denok gara erabiltzaileak, eta denok dugu iritzi bat. Arkitektook erabiltzaileen iritziak kontuan hartu behar ditugu, eta horrela beraien auzoa imaginatzen duten moduan gauzatzen saiatu behar gara.Gai batzuen inguruan badakigu, baina inguru horretan bizi denak daki gehien espazio horretaz.


Zure proiektuaren arabera, oinezkoek asko irabazi dezakete.
Zirkulazio berria beharrezkoa da herrian. Durango sei pasagunetara mugatuta egon da, baina orain trenaren lurperatzearekin fluxua asko hobetu daiteke, kotxeek erditik pasatzeko aukera dute-eta. Oinezkoentzako ere pasagune oso handiak sortu daitezke. Alde Zaharra, Amilibiako orubea eta Muruetatorreraino dena oinezkoentzat moldatu ahalko litzateke.

Berdeguneak aurreikusi dituzu.
Sistema berdeen lotura egin ahalko litzateke. Durangok badauzka sistema berdeak, kalitate oneko parkeak, baina ez daude lotuta. Denen artean lotura berde jarrai bat egitea posible izango litzateke.

Mugikortasunaren arloan proposamen zehatza egin duzu.
Mugikortasun ekologikoagoa lortzea beste helburuetako bat da. Durangon industria desagertu egin da, eta kanpora eraman dute. Industria garbia ere eraman egin dute, bulegoak, esate baterako. Hara heltzeko, kotxea hartu beharrean, minibus sistema bat proposatu dut. Horrela, urrun dauden auzuneetako jende nagusiak ere zerbitzu publiko hori erabiliko luke. Autobus hori Abadiñoraino eta Mañariraino joango litzateke.

‘Durango Operazioa’ proiektuari zer deritzozu?
Trenaren lurperatzea guztiz beharrezkoa eta Durangorentzat onuragarria izan da. Hala ere, lehiaketa itxi bat izatea ez zitzaidan gustatu. Bost arkitekto famatu baino ez zituzten gonbidatu. Pentsatzen zuten nazioarte mailako ospea duten arkitektoen lana hobea izango zela. Baina leku bakoitzeko ezaugarriak ulertu behar dira. Bat-batean bost dorre, merkatalgune bat eta tren geltoki bat eraikitzea aurreikusi zuten. Hain proiektu zurrunek ez dute egoera berrietara moldatzeko gaitasunik. Ez dago dirurik, eta orain ezin da ezer egin.

Badago dirurik libre gelditu den espazioa egokitzeko?
Orain arteko ereduetan zerbait saltzea zen helburua, horrekin dirua irabazi, eta inguruan inbertitzeko. Orain da garaia horrelako prozesuak aldatzeko. Nire proposamena ahalik eta xumeena izan da. Dauden harresiak bota, eta zolaketa eta landaredia ipintzea proposatu dut. Dirua dagoenean aktibazioa eta dentsifikazioa egin daiteke. Minimo batzuk ezarri daitezke, eta hori ez da hain garestia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!