Abenturaz betetako kanpaldiak prestatu ditu Berbarok udarako

Anboto 2014ko mar. 31a, 14:16

Iazko udalekuen irudi bat
Batez ere udaleku ibiltarietan edukiko dute abenturazale sena probatzeko aukera. Izena emateko aukera dago apirilaren 30a arte.

 

Berbarok aurtengo udarako ere gazteentzako kanpaldiak prestatu ditu, eta abenturaz beteta datoz. Guztira lau udaleku egongo dira, bi finkoak eta beste biak ibiltariak. Batez ere ibiltarietan edukiko dute abenturazale sena probatzeko aukera. Mendi, hondartza eta herri ugari ezagutuko dituzte Gipuzkoan zehar. Euskal giroan, ur ekintzak eta orientazio jolasak garatuko dituzte, adibidez.

DBHko 1. eta 2. mailetako gazteek Zumaiatik Urnietarako bidea egingo dute uztailaren 14tik 25era. DBHko 3. eta 4. mailetakoek alderantzizkoa egingo dute uztailaren 18tik 29ra, Urnietatik Zumaiara. Urnietan aterpetxe batean egongo dira, eta gainerakoetan kiroldegietan, eskoletan eta bordetan egingo dute lo.
Bestalde, LHko 3. eta 4. mailetakoak Mendigorrian (Nafarroa) egongo dira udalekuaz gozatzen, eta LHko 5. eta 6. mailetakoak Ozaetan (Araba).

Izena emateko azken eguna apirilaren 30a da. 946 201 918 telefonoan edo gazteak@berbaro.com helbidera idatzita apuntatu ahal da. Berbaroko bazkideek eta seme-alaba bitik gorakoek deskontuak edukiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!