Lanbide Heziketa, bide berriak zabaltzeko aukera

Anboto 2014ko mar. 28a, 12:59

Ogia egiten, egurrezko armairua eraikitzen edo ate bat margotzen. 16 eta 18 urte arteko gazteak dira, eta Amankomunazgoaren Lanbide prestakuntzarako zentroan ikasten dute. Milaka ikasle prestatu dira Lanbide Ikastetxean azken 27 urtetan.

 

DBH edo beste ikasketa batzuk gainditu ez, eta ofizio bat ikasteko aukera dute. Urte bi barru azterketak gainditzen dituztenek langile edo laguntzaile titulua eskuratuko dute. Programa honen helburua nahitaezko hezkuntzako oinarrizko gaitasunetara behar bezala iristen ez diren ikasleei kalitatezko lan munduratzea eskaintzea da.

Gazte askok ikasketa arloan azken erremediotzat ikusten zuten Lanbide Ikastetxea. Baina ikuspegi hori aldatzen joan da apurka-apurka, bai gazteen aldetik, bai gurasoen aldetik. Lanbide Heziketa ez da ezin dutenen azken helmuga, aukera berriak zabaltzen laguntzeko aukera baizik. Gainera, ikasle horiek irakaskuntza arautuetako ikasketekin jarraitzeko aukera dute. Bi ikasturtean DBH gainditzeko aukera eskaintzen diete. Batxilergorako zein erdi mailako ziklo baterako ateak irekitzea motibagarria da askorentzat. Augusto Uriarte Lanbide Heziketako arduradunak dioenez, “ikasturte bakoitzean, batez beste, 40 ikasletik 12k DBH gainditzen du”.

Ikasturte honetan 90 gaztek dihardute, zortzi taldetan banatuta: zurgintza, pintura, iturgintza, ostalaritza, lorezaintza, arotzeria metalikoa eta elektrizitatea ikasten dabiltza. Ordu bi ematen dituzte alde teorikoa lantzen, eta gainerako denbora lanbide bakoitza ikasten Durangoko zentroan.

Proiektua 1986an jarri zuten martxan Durangaldeko Amankomunazgoaren ekimenez. Lanbide Hastapena izena zuen sasoi hartan, eta arautu gabeko irakaskuntzaren barruan ziharduen lanean. 2008tik aurrera, irakaskuntza arautuan dihardute. Urte hauetan milaka ikaslek programa honi esker ofizio bat ikasi dute. Langile edo laguntzaile titulua jaso dute lan merkatura oinarrizko prestakuntzagaz irteteko. Beste batzuk, DBHko titulua aterata, hezkuntza sisteman integratu dira berriro.

 

LOMCE legea Lanbide Heziketan ere bai

Wert ministroaren LOMCE legeak Lanbide Heziketa arautzea aurreikusten du. Hala ere, Eusko Jaurlaritza datorren ikasturterako dekretu bat tramitatzen ari da. Aldi baterako Formazio Integratua deitu gura dioten programak Lanbide Heziketaren egitarau bera izango du. Beraz, hurrengo ikasturterako ez da aldaketarik aurreikusten. Baina 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketagaz gertatuko dena oraindik ez da argitu. LOMCEk ikasle hauek Oinarrizko Lanbide Heziketara bideratuko ditu, erdi mailako eta goi mailako zikloak ere eskaintzen dituzten zentroetan. EAEn Lanbide Heziketako 26 zentro daude, tartean Durangaldekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!