Eider Uribe liberatu du Bilduk, "udaleko lanetara heltzeko"

Anboto 2014ko mar. 19a, 15:29
Lanordu osora egongo da udaletxean lanean, eta liberazioei dagokien soldataren %50a kobratuko du. Bilduren helburua udala herriari gerturatzea dela nabarmendu du Uribek, eta orain arteko baliabideekin ezin izan direla denera heldu.

Udal barruko lana hobeto egiteko helburuagaz, erabaki du Bilduk liberazioa. "Udaleko beharraz gainera, kaleko lana ere egin gura dugu; eragileengana hurbildu, eurekin egon eta euren beharrak entzun. Orain arte ahal genuen moduan egin dugu lan, baina dedikazio osoa behar dela ikusi dugu", azaldu du Eider Uribek.

Lan ordu osora, baina alderdiei berez dagokien erdia kobratuta hartu du liberazioa Uribek, soldata osoa "nahikoa eta larregi" dela iritzita. Gaur egun, Durangoko alderdietako liberatuek 56.009,80 euroko soldata daukate. Aralarrek hala erabakita, Iker Urkizak %60a kobratzen du, 36.996,46 euro, eta Eider Uriberen soldata 28.005 eurokoa izango da.

 

Batzorde guztietako kide

Eider Uribe Padilla Bilduren ogasun arloko eta gazteria eta kirol arloko batzordeen arduraduna da. Oraindik aurrera, beste batzorde guztietako kide ere izango da, eta euretan bozkatzeko aukera izango du. Durango Kirolak erakundeak eta Mankomunitatean ere Durangoko Bilduko ordezkaria da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!