Berdintasunaren alde korrika egingo dute gaur, Lilakrosean

Anboto 2014ko mar. 16a, 09:00
Martxoaren 8aren harira egitarau luzea prestatu zuten Durangon, eta domekan emango diote amaiera Lilakrosagaz. Berdintasunaren alde korrika egingo dute durangarrek, 12:30ean, Ezkurdin hasiko den lasterketa berezi horretan. Lekukoa herriko 24 elkarteren ordezkariek eroango dute txandaka.

 

Ekimen herrikoia da, eta herritarrez gainera eragile sozialen parte-hartzea ere bultzatu dute antolatzaileek. Lasterkarien aurretik lekukoa joango da, eta herriko 24 elkarteren ordezkariek eroango dute txandaka. 

Emakumeek eta gizonek parte hartu ahalko dute Lilakrosean. Adinerako ere ez dute mugarik ipini, eta ume zein helduak animatu dituzte korrika egitera. 2006an ospatu zuten lehenengoz Lilakrosa, eta ekitaldi arrakastatsua izan ohi da urterik urtera, jendetza batzen duena. Iazko edizioan, esaterako, 400 lagunek parte hartu zuten.  

Kutsu solidarioa

Lilakrosean korrika egiteko espresuki ateratako kamiseta solidarioa eskainiko dute antolatzaileek lasterketa hasi aurretik, 11:30ak bueltan. Borondatearen truke eskuratu ahalko dute korrikalariek, eta modu horretan jasotzen duten dirua ekintza solidariorako erabiliko dute. Izan ere, berdintasun ikuspegiaz gainera, kutsu solidarioa ematen saiatzen dira beti. Aurten, emakume palestinarrei emango diete dirua. 

Andraguneak, 5 urte

Martxoaren 8aren harira ekitaldi ugari antolatu dituzte egunotan. Joan zen barikuan, esate baterako, Andragunearen bosgarren urtemuga ospatu zuten, eta zapatuan manifestazioa egin zuten Durangoko kaleetatik zehar, besteak beste.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!