Erregistro zibil "publikoa eta doakoa" aldarrikatu dute Durangon

Anboto 2014ko mar. 13a, 12:06
Gaur eguerdian Durangoko Justizia Jauregiaren parean egindako kontzentrazioa
Justizia Ministeritzak erregistro zibileko jarduera "pribatizatzeko" duen asmoa salatu dute hainbat sindikatuetako ordezkariek Durangoko Justizia Jauregiaren aurrean.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko justizia administrazioan ordezkaritza duten hainbat sindikatuk plataforma bat sortu dute. Plataforma horren bidez Justizia Ministeritzak erregistro zibila "pribatizatzeko" duen asmoa salatu gura dute. Gaur eguerdian, EAEko hainbat justizia auzitegiren aurrean, kontzentrazioa egin dute erregistro zibil "publikoa eta doakoa" eskatzeko, tartean Durangoko Justizia Jauregiaren parean. CCOO, ELA, LAB, CGT eta UGT sindikatuek osatzen dute plataforma.

 

Elena Cea LABeko ordezkariaren esanetan, "uste dugu erregistro zibila funtzionarioaren esku mantendu behar dela eta ez dela jabetza erregistradoreen eskuetan utzi behar". Izan ere, jabetza erregistradoreak "funtzionariak dira, baina egiten duten gestio bakoitzeko kobratu egiten dute eta bere esku dauden langileak ez dira funtzionario publikoak". Hainbat alderditan atzerapausuak emango direla uste dute: "Alde batetik, ondare historikoa esku pribatuetan uzteak ez dakigu zer ekarriko duen. Gure historia erakunde publiko baten gordeta egotea garrantzitsua da. Bestetik, kostuaren kontua dago: proposamena aurrera eroaten bada inskripzioak egiteko eta ziurtagiriak ateratzeko, besteak beste, ordaindu egin beharko da". Azkenik, 300 lanpostu arriskuan daudela ere salatu dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!