Adinekoentzako mugikortasun segururako kanpaina hasiko dute gaur

Anboto 2014ko mar. 11a, 12:52
Adineko pertsonei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina antolatu dute Durangoko Udalak eta STOP-accidentes elkarteak, Bizidun elkartearen laguntzagaz. Mugikortasun segurua sustatu gura duen kanpaina gaur abiatuko dute.

 

Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, 2011n auto batek harrapatuta hildako pertsonen erdia 64 urtetik gorakoa zen. 2012an, auto batek harrapatuta hildako guztiak ziren adin horretatik gorakoak. Istripu kopurua gutxitu egin da oro har; ez horrebeste, ordea, 64 urtetik gorakoen kasuan. "Gainera, kontutan hartu behar da 80 urtetik gorako gero eta jende gehaigo dagoela, eta osasun-baldintza hobeak dituztenez bizitzako zati handi bat kalean egiten dutela", diote udal ordezkariek.

 

Durangon gutxitu egin da auto batek harrapatutakoen kopurua 2013an, "hirigintza eta irisgarritasun hobetu"  direlako (trafiko gutxiago dago, zebrabideak egokitu dira...), udaleko ordezkariek azaldu dutenez. Hala ere, beharrezkoa deritzoe prebentzioa sustatzea, ustekaberen bat gertatzea saihesteko.

Bai oinez bai gidatzerako orduan, errepidean jarrera segurua edukitzeari buruzko hausnarketa  egitea da kanpaina horren helburua. Baita pretsona nagusiek herriko mugikortasunari buruzko hobekuntzak proposatzeko jarrera aktiboa bultzatzea ere.

 

Hitzaldiak

Mugitu zaitez seguru Durangotik hitzaldia eskainiko dute, gaur, Stop-accidentes elkarteko eta Durangoko Udaleko Mugikortasun saileko ordezkariek. Durangoko Adinekoen Egoitzan izango da 18:00etan.

Errepide jarrera seguru baten pnurak ezgutarazteko informazioa eskaini gura dute bertan, eta auto batek harrapatzea saihesteko ohiturak garatzea. Errepidean ahulak izan gaitezkela gogoraraztea ere badute helburu.

 

Hurrengo saioa martxoaren 26an izango da. Gaurkotu, hobeto gidatzeko jardunaldia eskainiko dute Stop-accidentes elkarteko kideek. Pinondo Etxean egin dute hitzordua, 16:30etik 18:30era. Ekintza formatibo horretan parte hartzeko izena eman behar da aurretik, lekua mugatu da-eta. Saio horretan, adinari dagozkion zentzumen-mugek eta gidatzen ditugu deskuiduek zer ondorio eragin dezaketen hausnartuko da, eta, gidatzeko ezaguerak gaurkotzeaz gainera, zirkulazio kodearen arauak eta trafiko seinaleak errepasatuko dituzte. Gidatzeko praktika onei eustea da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!