Martxoaren 15ean hasiko da Plateruena berridazteko gogoeta

Anboto 2014ko mar. 10a, 09:00
Martxoaren 15ean hasiko dute Plateruena Kafe Antzokia berridazteko gogoeta prozesua. Aurten hamar urte beteko dira Berbaro elkartearen eskutik euskarazko kulturgintza sustatzeko antzokia sortu zutenetik, eta proiektua eraberritzeko beharra ikusi dute arduradunek. Hausnarketa hori, herritarrekin batera egin gura dute.

 

Zilarberritzen, Durangon kultura bizitzeko. Hori da prozesuari izena emateko erabili duten leloa edo berba-jokoa. Hurrengo zapatuan izango da lehenengo tailer zabala, 10:00etan. Gero, beste batzar bi ere egingo dituzte aurrerago, apirilean eta maiatzean. Tailerrak indartzeko, paraleloan, zenbait ekimen ere garatuko dituzte. Prozesu hori dinamizatzeko ardura EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kideek edukiko dute. 

Aurkezpenean, 150 lagun

Joan zen azaroaren 30ean egin zuten Plateruenekoek gogoeta prozesuaren iragarpena. Batzar zabal bat deitu zuten, eta 150 lagunetik gora hurreratu ziren. Horietako asko, Durangoko elkarte kultural eta sozialetako kideak ziren. Bertan, Platerueneko kide Erika Urangak, Parte Hartuzeko Marta Calvok eta Alicia Susok, eta Mario Zubiaga irakasleak berba egin zuten. Etorkizuneko egitasmoaren norabidea Durangoko kulturgune herritarra bihurtzea izango da.

Oraindik, hasierako inbertsioagaz sortutako zorra kitatzeko lanean dabiltza Plateruenean. Baina egoera zail horrek ez du kultur eskaintzan etenik ekarri. Eta, euskarazko kulturgintzaren ildoan sakonduko dute prozesu berriagaz.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!