16.000 lagun batzeko asmoa dute asteburuko Aukera Azokan

Anboto 2014ko mar. 5a, 16:58
Dendak Bai merkatari elkarteak Aukera Azokaren bederatzigarren edizioa antolatu du asteburu honetarako.

Bariku goizeko 10:00etan zabalduko dute azoka Landako Gunean, eta 23 dendatako produktuak egongo dira salgai domekara bitartean. Soberan geratu zaizkien produktuak prezio merkeagoan eskainiko dituzte dendariek. Dendak Bai elkarteko Ane Aranak, Inma Bardezi eta Araceli Guerrerok eman dute Aukera Azokaren inguruko informazioa. Aranak egin du berba euskaraz eta asteburuan zehar 16.000 lagun batzea espero dutela adierazi du, iaz lez.

Produktuez gainera aisialdirako egitaraua ere prestatu dute. Gune batean kafetegia ipiniko dute, eta beste batean ludoteka ere bai. Zapatuan magoa egongo da umeentzat 18:00etan, eta domeka goizean ponian ibiltzeko aukera edukiko dute. Gastronomia arloan, domeka arratsaldean Gallastegi harategiko hanburgesa dastatu ahal izango da Durango txartela edo hamar euroko erosketa tiketa erakutsita.

Sarrera doakoa izango da. Barikuan eta zapatuan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara zabalduko dute, eta domekan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Erosketa tiketagaz aparkalekua doan eskainiko dute ordu birako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!