Nor-nori-nork: Baietza euskarari Durangoko nagusiek

Anboto 2014ko ots. 28a, 12:00

Goizetan 60 urtetik gorako ikasleekin betetzen da AEKren Abarrak euskaltegia. Argazkia: Kepa Aginako
Durangoko Abarrak euskaltegian jubilatuen lau talde daude; gogotsu dabiltza euskara ikasten

 

Oraindik ez dute euskaraz solte-solte eta barra-barra hitz egiten, baina motibatuta daude. Jubilatuen lau talde sortu dira, aurten, AEKn, Durangoko Abarrak euskaltegian. Astean bi egunez eta lau orduz, aurretiaz ikasi ezin izan duten hori ikasten dabiltza: euskara.

Askok biloba txikiekin berba egiteko gura dute euskara ikasi. Kalean ere, lagunekin "tabernetan hiru zurito eskatzeko" erabili gurako lukete: "Ulertu egin gura dugu zer esaten duten". Askok aspalditik daukate euskara ikasteko gogoa. Euskal Herrian bizita, egin beharreko pauso moduan ikusten dute.  

Euskaltegiko eskolak gogotsu hartzen dituzte jubilatuek Abarrak euskaltegian"Aitite, txarto esan dozu, e!"

Kontxik, adibidez, bere bilobagaz dena euskaraz egiten du: "Bi urte ere ez dauzka, orduan berdin da txarto egiten badut ere". Jubilatu zenean, ikasi eta ikasi ibiliko zela erabaki zuen, eta, orain, etxean ume txikia dutenez, euskarari heldu dio. Ume txiki-txikiekin praktikatzen dute euskaltegiko aitita-amamek, baina "handitzen direnean gaitz" izango dela dio batek. "Beno, handitu, edo, bost urtekoak niri esaten dit: ‘aitite txarto esan dozu, e!’". Etxeko irakasle txikiak dira umeak. Aurorari ere ederra bota zion bere bilobak asteko egunak euskaraz ikastean. Errepasoa egin, eta amaieran: "Amama, zelako azentua, e?" Malagakoa da sortzez Aurora.

Adina ez da oztopo

"Irakurtzen hobeto aritzen naiz, baina entzutea eta berba egitea kostatzen zait". Jendeak berba arin egiten duela diote ikasleek, baina hori normala dela: "Gidabaimena ateratzerakoan ematen duten L-aren antzeko zerbait eduki beharko genuke, jendeak jakin dezan ikasten gabiltzala". 

Talo tailerra eta dastaketa egin dute asteonEuren belaunaldiko jende asko ez da euskara ikastera animatzen: "Orokorrean gai guztiekin gertatzen zaie batzuei; ordenagailuen inguruan zerbait esan, eta nire lagun batzuek ‘hori dagoeneko ez da niretzat!’, diote; 62 urterekin!". AEK-ko ikasleek animatu egingo lituzkete: "Guri gazteei baino gehiago kostatzen zaigu gauzak buruan gordetzea, baina adina ez da arazoa". 

Irakasleek eurek gogotsu ikusten dituzte ikasleak: "Gainera, beti daude prest antolatzen dugun edozertan parte hartzeko". Asteon taloak egiten ibili dira, eta datorren hilean sagardotegira joatera ere animatu dira hainbat. 

 

 

"Hábleme usted en cristiano" eta umetako garaiak

 Guraso euskaldunak izanda ere, transmisioan etena egon zen AEK-ko ikasle beteranoen haurtzaroan
 

Euskal Herriko hainbat txokotan gertatu zen bezala, Durangon 1950eko eta 1960ko hamarkadak latzak izan ziren euskararentzat. Orduko eskola umeak dira euskaltegiko lagunak, eta ondotxo dakite hori. Jose Antonio, adibidez, euskaraz ikasi ez duen bakarra da bere etxean. Neba-arrebetan gazteena zenez, ikasketak egingo zituela erabaki zuten gurasoek, eta gaztelaniaz egiten zioten: “Pentsatzen zuten euskarak traba egingo zidala”. Beste neba-arrebei, ostera, euskaraz egiten zieten gurasoek. Behin zortzi urte zaharragoa zen anaiak harrituta galdetu zion: “Amak gaztelaniaz egiten dizula? Ia ez daki-eta!” Bati baino gehiagori gertatu zitzaion gauza bera.

Eskolan eta kalean euskaraz egitea zigortzen zen garaia zen hura. “Háblame usted en cristiano” esan, eta irakasleak ikasle asko jotzen zituela gogoratzen dute; euskaraz jardutearren, gaztelaniaz zer edo zer txarto esateagatik,  “artikuluak txarto erabiltzeagatik: el vaca esateagatik, adibidez, makilarekin jotzen zuten”.  

“Lagun bati entzun izan diot, eta arrazoia dauka; etxe barruetara Franco ez zen sartzen, e?”, esan du Jose Antoniok. “Franco ez, baina beldurra bai”, erantzun diote. Askok, auzokideek entzungo zieten beldurrez, etxean ere gaztelaniaz egiten zutela gogoratu dute. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!