Irakasle batek garuneko paralisia daukan gazte bat lotu eta gela batean bakartu zuen

Anboto 2014ko otsailaren 21a

Fray Juan de Zumarraga institutua
Beharrizan bereziak dauzkaten Geu Be elkarteko gazte bati kontentzio desegokia egin zion irakasleak ikasturte hasieran Frai Juan Zumarraga institutuan. Familiak gertakariaren berri eman du, "berriro gertatu ez dadin".

 

Berriro ez gertatzea. Hori da Geu Be elkarteko gazte baten gurasoek euren salaketagaz lortu gura dutena. Ikasturteko lehenengo astean, Frai Juan Zumarraga institutuan, gazteak krisi bat eduki zuen, eta irakasleak pasillora ateratzea erabaki zuen. Ikaslea irtetera erresistitu egin zen, eta irakasleak aulkian jarri eta alboko gela hutsera eroan zuen. Gazteak bere gelara bueltatzeko insistitzen zuen, eta ihes egin edo minik hartu ez zezan, aulkira lotu eta irauli egin zuen irakasleak. Gela huts eta ilunean bakarrik utzi zuen. Garuneko paralisia dauka gazteak.

Egoera hori birritan eman zen aste berean. Heziketa berezia behar dutenen gelan lau gazte daude, eta gainerako hiruen abisutik zabaldu zen gertaera, irakasleak ez zuen-eta informatu. Institutuko zuzendaritzak irailaren 16an informatu zuen familia. Irakaslea ikaslearengandik apartatu zuten eta espediente bat zabaldu zioten. Alde guztiek eman zuten euren testigantza ikerketa prozesu horretan. Irakasleak argudiatu zuen gainerako hiruen arreta beharrak eroan zuela neurri hori hartzera, ezin zuela-eta leku bietan aldi berean egon. Ikastetxean laguntzaile baten lanaldi erdia murriztu zieten.

Ez dute berririk eduki otsailaren 13ra arte; irakaslearen zigorra amaitu eta beharrera bueltatu zen.  Bere itzuleraz ez ziren jakitun ikastetxekoak ezta gurasoak ere. Egoera horretan, ikaslea eta irakaslea batera ez egoteko neurriak eskatzen hasi ziren, eta azken emaitza ona izan zen. Irakasleak beste lanpostu bat onartu zuen zentroan bertan, gazteagaz hartu-emanik ekarriko ez ziona. Prozesuan institutuak, Berritzegunek eta aldundiak izandako inplikazioa eskertu dute gurasoek.

 

Kontentzio desegokia

Geu Be elkarteko Jose Alfarok azaldu du eurentzat ia eguneroko gauza dela gazteak eutsi eta geldiaraztea. Kontentzioak deitzen diete neurri horiei. Baina hori egiteko moduak daudela, eta horren arabera eraso izan ahal direla dio. Horrelako gelditze bat egiteko, prozesu bat dagoela eta zaintzaileak guztia erregistratu behar duela dio, eta familia segituan informatu behar duela. Institutuan gertatutako gelditzea desegokia izan dela esan du, eta berriro ez gertatzeko helburuz egin dutela publiko.

Gurasoek eta elkarteak irakasleei ezartzen zaien prozedura hori egokitzea eskatu dute. Izan ere, prozeduraren emaitza arraiskutsua izan zela uste dute: irakaslea gaztearengana bueltatzea. Horregatik, prozedura amaieran gaztearen ongizate emozionala kontuan hartzea aldarrikatu dute.

Apartatu dituztenetik, semea lasaiago ikusten duela esan du aitak. Gurasoentzat eta elkarteko kideentzat ere ez dira une errazak izan, eta horrelako gertakariek estresa lako arazoak sortzen dituztela ohartarazi dute. Kontentzio bat egiterakoan, familia abisatzea eta konponbidea era adostuan eman dadila exijitu dute. Gainera, krisi ekonomikoa  behar bereziak dauzkatenen zaintzarako baliabideak murrizteko aitzakia lez ez erabiltzea eskatu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!