Durangoko Udala Segi auziagaz lotutako epaiketaren aurka agertu da. Bilduk eta Aralarrek aurkeztu zuten hasierako mozioa, baina EAJk ordezko bat proposatzean, eurena erretiratu zuten. Biak bozketan egonez gero ez zen bat ere aurrera aterako. Haserre, “lotsagarria” iruditu zitzaien EAJren jarrera.
Izan ere, mozioa onartu arren, adostasun falta izan zen nagusi. Bildu eta Aralarren testua, Euskal Herriko 40 lagun ezagunek sinaturiko adierazpen bat zen, Segi auziko epaituek azken alegatu lez erabili dutena. Besteak beste, PSE-EEko kide Jesus Egiguren eta Rafaela Romero dira babesle. Baina, ez dute gauza bera egin Durangoko sozialistek; Pilar Rios bozeramaileak esan zuen alderdiaren izenean daudela udalean, eta testuaren babesleek maila pertsonalean sinatu dutela. PPko Juan Jose Gastañazatorrek ere kontra egin zuen, baina ez zen epaiketaz mintzatu.
Epaiketa amaituta eta fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatuta, sententziaren zain daude Segikoak izatea leporatutako 40 gazteak, Eñaut Aiartzaguena iurretarra eta Ibai Esteibarlanda elorriarra tartean.