"Iragarleek badakite nagusiek audientzia handia osatzen dutela"

Anboto 2014ko otsailaren 12a

Llum Saumell kazetariak Durangoko nagusien egoitzan komunikabideak zelan kontsumitzen diren azaldu zuen, atzo, eskainitako berbaldian. Kazetaria da bera, eta besteak beste, La Vanguardia egunkarian lan egin du. Azken bederatzi urtean Euskal Herrian bizi da.

 

Pertsona nagusiak al dira hedabideak gehien kontsumitzen  dituztenak?

65 urtetik gorakoak dira papereko egunkarien kontsumitzaile fidelenak, irrati entzuleen artean talde handiena osatzen dutenak eta telebista aurrean ordu gehien ematen dutenak. 

 

Hedabideak asko kontsumitzeak informatuta daudela esan gura du? 

Ez dakit. Mahai inguruan galdetu diedan kontu bat da hori. Datu asko eman beharrean, galdetu egin gura izan diet ea beraiek zer uste duten: beraiei buruz komunikabideek ematen duten irudia zuzena den ala desitxuratua den. Aldeko eta kontrako iritzirik duten jakin nahi izan dut. Komunikabideak ondo ulertzen dituzten ere galdetu diet. Komunikabideok beste hizkera bat erabili beharko genuke
ikus-entzuleek hobeto ulertu gaitzaten. 

 

Ikus-entzunezkoen arloan, pertsona nagusien kolektiboak zer ezaugarri ditu?

65 urtetik gorako pertsonen kolektiboa oso zabala da. Egongo da informatuta egon gura duenik, baina beste batzuek komunikabideak entretenitzeko kontsumitzen dituzte. 

 

Pertsona nagusienganako gizarteak duen irudia aldatu egin da azken urteotan?

Orain dela urte batzuk 65 urteko pertsona bat zaharra zela uste zen; ez zuela lanerako gaitasunik. Gaur egun, 65 urteko pertsona bat ez da agure bat. Kolektibo askok berba hori ez erabiltzeko eskatu dute, dituen konnotazioengatik. Orain, adin horretako jende askok komunikabideetan lan egiten du, eta oso ondo gainera.  

 

Kazetariok ere badugu erantzukizunik gai honetan? 

Kazetaritzan, presagatik edo dena delakoagatik, orokortzeko joera dugu. Zaku berean sartzen ditugu pertsona nagusi guztiak. Gazteekin ere horrela gertatzen da. Jende nagusiaren inguruan lantzen diren gai gehienak negatiboak dira. Dependentzia, pentsioen kostuak... Kontuan hartu behar da, pentsioen kostuei buruz berba egiten denean, pentsio horiek mantentzen dutela kontsumoa eta baita familia asko ere. Kazetaritzak beste aldean ere jarri beharko luke bere burua, eta beste irudi bat ematen lagundu beharko luke. 

 

Komunikabideek bilakaera handia izan dute azken urteotan. Pertsona nagusiek zelan barneratu dituzte aldaketa hauek? 

Komunikabideek garapen oso handia izan dute. Gazteek ez dituzte egunkariak paperean irakurtzen, Internet dela-eta. Informazioa kontsumitzeko beste modu batzuk daude: blogak, aldizkari digitalak, sare sozialak... Hori guztia menperatzea gaitza da jende nagusiarentzat, eta kasu batzuetan beste askorentzat ere bai. 

 

Jende nagusia al da papera bizirik mantentzen duena? 

65 urtetik gorakoak paperean irakurtzen du. Jende nagusia fidela da, eta ohiturak ez ditu hain erraz aldatzen. Publizitate iragarleek arlo hau oso ondo ezagutzen dute. Badakite nagusiek audientzia kopuru handia osatzen dutela, eta kontsumitzaileak ere badirela. 

 

Gustuko dute nagusiek komunikabideen eskaintza?

Galdera hori egin diet mahai inguruan. Hau da,ikusten edo irakurtzen dugun hori gustatzen ez bazaigu, zer egin dezakegu? Bada, erraza da: telebista edo irratia amatatu edo aldizkari hori ez erosi. Internet bidez errazagoa den arren, badituzte bideak kexatzeko edo iritzia emateko. Zuzendariari gutunak atala, esaterako, eskura dute gura dutenean erabiltzeko eta parte hartzeko. Uste badute komunikabideek ez dituztela ondo tratatzen, zer edo zer egin dezaketela esan nahi dut. Honekin espero dut kexa mordo bat ez sortzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!