"Ikastaro honekin yoga eta yogaren sakontasuna transmititu gura ditugu"

Anboto 2014ko otsailaren 7a

Yoga irakasle izateko eskola ipiniko dute abian 2014-2015 ikasturtean. Dharandana yoga zentroko kideek Zaragozako Dharsana eskolagaz elkarlanean antolatu dute ikastaroa, eta bi urteko bi ziklotan, yogaren teorian eta praktikan sakontzeko aukera egongo da. Dharandana yoga zentroko irakaslea da Oier Estankona.

 

Ikastaro berezia da datorren urrian hasiko duzuena. Nondik dator asmoa?  

Yoga geroago eta gehiago zabaltzen dabil gizartean, baina sarri oinarri batzuk falta dira. Asko zabaldu da, eta marketingizatu egin dela esango nuke; muturrera jota, txakurrentzako yoga asmatu dute, eta doga deitu diote. Yoga orain dela 5.000 urte sortutako diziplina bat da, oinarri zientifiko eta filosofikoak dituena. Horretan sakontzeko hemen inguruan aukerarik ez dagoela-eta, ikastaro hau antolatzeko aukera ikusi dugu. Formazioa batez ere Bartzelonan, Madrilen eta Zaragozan garatu da; Euskal Herri mailan, oso gutxi. Hau izango da Durangaldean egingo den yoga irakasle izateko lehenengo prestakuntza ikastaroa. 

 

Zaragozako Darshana yoga eskolagaz antolatu duzue ikastaroa.

Bai, bertako Gemma Vidal izango da gidaria. Gemmak hogeitabost urte baino gehiago daroaz yogan sakontzen, eta Bartzelonan formatzen nenbilela ezagutu nuen. Yogaren pedagogian eta arnasketaren arloan aditua da, eta yoga irakasleen prestatzaile akreditatua da. Yogaren sustraiak ondo ezagutzen ditu, eta sarri bidaiatzen du Indiara. Horretaz gainera, psikologoa eta psikoterapeuta da, eta, yogara ezagutza horiek ekarrita, oso formazio osoa eskaintzen du. 

 

Lau urteko formazioa da, baina bi urteko bi ziklotan banatuta, ezta?

Bai. Eskolak urriaren 25ean hasiko dira eta asteburuetan izango dira; hilean behin, gutxi gorabehera, eta zapatuetan batuko gara, baina asteburu osoko saioak ere egongo dira. Lehenengo oinarrizko ikastaroa dago, lehenengo zikloa, eta bertan gauza pilo bat barneratzeko aukera: filosofia, anatomia, posturak, arnasketa, meditazioa... Horrekin irakasle izan ahal zaren? Zergatik ez? Esperientzia badaukazu eta zure burua horretarako gai ikusten baduzu, primeran. Bigarren zikloa eginez gero, gehiago sakondu, eta Europako Batasunak akreditatutako titulua eskuratu dezakezu. 

 

Unibertsitateko ikasketen antzekoa da?

Ikasketa bat da, azken finean. Ez dago araututa, baina beharrean dabiltza Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioagaz prestakuntza profesional bihurtzeko. 

 

Irakasle bihurtu gura duen jendeari dago zuzenduta bakarrik? 

Ez da nahitaezkoa. Norbere garapen pertsonalerako, yogan sakondu gura duenarentzat ona da, eta horretaz gainera, yoga irakasle bezala formatzeko ere aprobetxatu daiteke. Lan poltsa bat ere eratu gurako genuke, Euskal Herri inguruko profesionalek konfiantzazko erreferentzia bat izan dezaten. Dena dela, ez da irakasleentzat bakarrik, eta gizartean bizi dugun momentu honetan yogak on handia egin dezakeela uste dugu. 

 

Krisiagatik diozu?

Krisia ekonomikoa dela esaten da, baina itzelezko balio krisia da bizitzen gabiltzana. Orokorrean, gizartea oso desorientatuta dago. Nora goaz? Zertan gabiltza gizartean? Zer sortu guran? Horrelako galdera espiritualak gero eta gehiago daude, eta oso garrantzitsuak dira. Yoga itzelezko tresna izan daiteke galdera horiei erantzuteko; norbere esentzian zentratzeko bidea da yoga. 

 

Yoga irakasle izateko barneratu beharreko kontuak dira horiek, ezta? 

Bai. Nire ustez, yoga irakasle on bat ez da bakarrik ikastaro asko egin eta teknika asko ezagutzen dituena, yoga bere bizimoduan integratzen duena baino. Hori aplikatzen duzunean eta zure bizitzaren parte egiten duzunean, gehiago partekatu dezakezu. Hasiko dugun ikastaro hau lau urtean egingo denez, denbora daukazu dena asimilatzeko eta zure bizitzan integratzeko, eskolan landutakoa eguneroko praktiken bidez meditatuta, ikasita, irakurrita eta landuta. Beste ikastaro batzuk formatu laburrean egiten dira, eta ez da astirik egoten dena ondo asimilatzeko. 

 

Dharanandako kideentzat horrelako ikastaro bat antolatzeak zer esangura dauka?

Gurean yoga, yogaren oinarriak eta yogaren sakontasuna transmititu gura ditugu, eta ikastaro honek horretarako aukera ematen digu. Askotan, gure eskoletan ezin dugu yoga horrela landu; egitura bat daukagu, denbora bat, eta, maiz, hurbiltzen den jendea ez dator horretara. Denetarik dator: batek erlaxatu egin gura du, besteak fisikoki hobeto sentitu, hirugarrenak espazio bat behar du deskonektatzeko; oso talde heterogeneoak dira. Askotan ikusten dugu ez daukagula formatu egokia yogaren sakontasun hori azaldu ahal izateko. Hau yoga zentro bat da, baina beti planteatu dugu yoga eskola moduan. Ideia horri jarraitzeko bide bat da ikastaroa. 

 

 

Ekintaldiak

Otsailak 7, barikua:

  • Formazio ikastaroaren aurkezpena eta Yoga Nidra saioa Gemma Vidalen eskutik, 19:00etan (doan).

 

Otsailak 8, zapatua:

  • ‘Arnasketaren dantza’ yoga master class berezia Gemma Vidalen eskutik, 09:45etik 13:00etara (sarrera 40 euro).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!