Faustegoienako babes ofizialeko etxeen promozioa Bizkaira zabaldu du udalak

Anboto 2014ko urtarrilaren 30a

Bizkaia osoko biztanleak apuntatu ahalko dira Faustegoienako babes ofizialeko etxeen zerrendan. Orain arte durangarrek bakarrik zeukaten aukera, baina baldintza ekonomikoak betetzen dituzten eskatzaile nahikorik egon ez denez, baldintza hori aldatu dute proiektua egi bihurtu ahal izateko.

 

Ez da baldintzak aldatu dituzten lehenengo aldia; iaz bitan zatitu zuten promozioa, arrazoi beragatik. 58 etxebizitza adjudikatu zituzten, eta oraingoan 70 daude emateko. 

EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu dute erabakia. Bilduk eta Aralarrek ez, eta gainerako alderdiak gogor kritikatu dituzte. Egoera soziala kontuan hartuta, etxeak alokairuan eskaintzea gura dute. Gainera, udalak lurzoruagatik jasotako dirua hor inbertitu behar duela uste dute. Dani Maeztuk (Aralar) esan du jabetzan erostea ez dela aukera bat dagoeneko, bankuek ez dutelako finantzaziorik ematen. Jon Bingen Landabideak (Bildu) gogoratu du Durangon 1.540 etxe daudela hutsik, eta Etxebiden 1.300 daudela izena emanda.

Goiztidi Diazek (EAJ) esan du eurentzako apustua dela proiektua, eta, lehen lez, orain ere bere alde egingo dutela. Pilar Riosen (PSE-EE) ustez, alokairuan ahalik eta etxe gehien egoteko ahalegina egin dute, eta jabetzan eskatu dutenek proiektua egitea merezi dutela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!