Duela urte bete sortu zenuten Vicente Zavala elkartea. Zelan izan da orain artekoa?
Jabier Sagastizabal: 2004an hil zenetik, bere lan kulturalagaz ez da ezer egin, eta lan horri buruz galdezka hasi zen gaur egungo San Faustoko parrokoa. Zavalak 30 liburu publikatu zituen, Durangoko historia eta ohituren gainean. 31.a izango zena, Durangoko historia garaikideari buruzkoa, amaitu barik dago, Zavala informazioa batzen zebilela hil baitzen bat-batean, eta ez zen argitaratu. Lanok batu eta webgune bat sortzea erabaki dugu, eta han ipini ditugu agortuta dauden lanak, eta publikatu barik utzi zuen lan hura. Hori izan zen egin genuen lehen gauza.
Liburuak zabaltzen ere ibili zarete, ezta?
J.S.: Zavalak berak ez zituen Durangotik kanpora zabaldu. Harpidedun batzuk zituen; eta udalak ere erosi zizkion liburutegirako, eta bisitetan banatzeko. Guk Durangoko eskoletan eta liburu dendetan banatu ditugu, eta Bilboko liburutegietara, Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara ere banatu ditugu ale batzuk, adibidez. Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak liburu batzuk eskatu dizkigu Amerikako euskal etxeetarako. Frai Juan Zumarraga eta Bruno Mauriozio Zabalaren gaineko liburuak daude tartean, beraz, Ameriketako gaiak ere badira.
Jose Luis Gallastegi: Durangoko liburu denda guztietan banatu ditugu, eta sei euroan daude. Hiru liburu hartuz gero, bost euroan.
Durangoko historia dago, azken finean liburuotan.
J.S.: Herri gutxi egongo dira euren historiari buruzko hogeita hamar libururekin!
Liburu batzuk agortuta daude eta publikatu ez zen azken lana ere hor dago. Berrargitaratu gurako zenituzkete?
J.S.: Momentuz ez daukagu horretarako dirurik; horregatik erabaki genuen webgunearena.
Webguneak hainbat atal ditu.
J.S.: Badago Durango munduan izeneko atala; munduan zehar Durango izenagaz dauden hiri eta kaleen ingurukoa. Durangarrak munduan atalean, kanpotik dabiltzan durangarrentzako txokoa egin gura dugu, eurek gura dutena bidaltzeko. Agendarako atala ere sortu dugu, eta gustatuko litzaiguke bertan herriko elkarte eta erakundeek edozein ekitaldiren berri ematea.
Zelan gogoratzen duzue zuek Vicente Zavala?
J.S.: Nik Jose Luisek baino harreman gutxiago izan nuen, baina, nire ustez, gizon ona zen. Momentu guztietan besteen zerbitzura zegoena.
J.L.G.: Nik hartu-eman handia neukan berarekin. Oso gauza anitzetan egin zuen lan, eta zabalik zegoen ideia guztietara. Formazio teknikorako gau-eskolak sortu zituen, Ama Birjinaren Kongregazioa, Alkoholiko Anonimoen taldea, Errege magoen desfilea... Durangoko Kulturalaren denbora gaitzetan, taldeari laguntzeko lana egin zuen beste kirolzale batzuekin. Hori egin ezean, desagertu egingo zen. Elizei dagokienez, San Faustoko eliza guztiz hondatuta zegoen, eta auzoko jendearen laguntzarekin eliza konpondu zuen. Tabiran ere bai; Tabirako eliza berari esker dago dagoen moduan.
J.S.: Herritarrak oso gustura zeuden berarekin. Kontuak atera: San Fauston, Durangoko auzo pobreena izanda, parrokiak bere burua finantzatzen zuen, ez zeukan elizbarrutiari dirua eskatzeko premiarik. Konfiantza igortzen zuen gizona zen. Imajinatu zelako eragina zeukan inguruan: bere ingurutik bost abade eta hainbat moja irten ziren.
J.L.G.: Drogazaleekin ere egin zuen lan; babes moral eta ekonomikoa ematen zien. Bonuak ematen zizkien, jatekoa denda konkretu batean erosteko. Familia batzuren diru-laguntza izaten zuen horrelako kontuetarako.
J.S.: Eta, gainera, gauza horiek guztiak egin eta denbora hartzen zuen idazteko. Historialari bokazioa zeukan.
Sortzez, bera ez zen Durangokoa, ezta?
J.S.: Tolosakoa zen izatez, baina bertan egin zuen lan, eta Durangon oso ondo bertakotu zen.
Elkarte barruan zer lortu gura duzue?
J.S.: Diruz ez gaude oso ondo, baina putzutik irteten garenean, Zavalaren lanarekin jarraitu gurako genuke; ea gai garen urtero liburu bat ateratzeko. Nik uste dut materiala egon badagoela; geroago eta jende gehiago dabil ikasten, eta tesina edo lanen bat egingo balute Durangoko gaiekin, interesgarria izango litzateke liburutxoa argitaratzea; ondo legoke 2015ean 32. zenbakia ateratzea, adibidez. Bitartean liburuak zabaltzen jarraituko dugu.