Gazte lokalen ordenantza egiteko iritzia eskatzen dabil udala

Anboto 2014ko urt. 16a, 16:00
Gazte lokalen erabilera arautzeko ordenantza idatziko du udalak, eta horretarako erabiltzaileen iritzia jakin gura dute. 2012an abiatu zuten arautegia egiteko saiakera bat, baina kritiken ondorioz, aurrera egin barik geratu zen. Oraingoan, partaidetza prozesu bat ipini dute martxan. Prozesua gidatzeko PH+ enpresa kontratatu dute.

 

Udalaren arabera, 60 bat lokal daude Durangon. Ordenantzagaz, "durangarren beharrei ahalik eta hoberen erantzutea" gura dute. Erabiltzaileak ez ezik, lokalen jabeak eta auzotarrak ere hartuko dituzte kontuan. "Hortaz, komeni da ahalik eta durangar kopuru handienak parte hartzea", esan du Mari Jose Balier hirigintza zinegotziak. Lehenik, diagnostikoa landuko dute: ikastetxeetan, auzo-elkarteekin edo udaleko teknikari eta kargudunekin, adibidez. Diagnostikoan parte hartzeko izena www.phpositivo.com webgunean eman daiteke, eta inkesta bat ere badago, hilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dena. Diagnostikoaren ostean, otsailaren 20an, proposamenak landuko dituzte tailerrean.

Baina ez da gaiaz galdetzen den lehenengo aldia. 2012an ordenantza kritikatu zuten 360 erabiltzailek, eta neurri batzuk gehiegizkoak zirela esan zuten. Ia lokal guztiak itxi edo berriztu beharko zirela argudiatu zuten. Gainera, ez zuten ondo ikusi eurei ez galdetzea. Bilduk deitutako informazio batzar baten ostean, antolatzen hasi ziren gazteak, eta protesta lez, lokal handi bat irudikatu zuten udaletxe aurrean. Ostean, EHUko ikasle talde batek partaidetza prozesu bat gidatu zuen, eta uztailean eman zituzten ondorioak. Esaterako, ordutegia zaratarentzako izatea gura zuten, ez lokala ixteko. 

EHUko ikasle taldeak adierazi du ordutik hona ez dutela udalaren erantzunik jaso. Prozesu berriaren aurrean, euren lana defendatu dute. Gainera, gastua 60 eurokoa izan zela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!