Izotz pistak 5.921 erabiltzaile batu ditu aurten

Anboto 2014ko urt. 8a, 11:01
Erabiltzaile gero eta gehiago batzen ditu Landako Gunean egokitutako izotz pistak. Horrela jakin eragin dute udal ordezkariek. Bederatzigarren edizioa izan duen honetan 5.921 lagun batu ditu

Gazteek erabili dute batik bat izotz pista. Horrela erakusten dute emandako datuek: 3.998 neska-mutilek jardun dute patinatzen; helduak izan dira 812. Horiez gain, hamabi elkarte be hurreratu dira; guztira, 311 lagun.

 

Antolatutako ikastaroek ere arrakasta "handia" izan dute, antolatzaileek azaldu dutenez. Guztira, 800 lagunek parte hartu dute, iaz baino 100 lagun gehiagok. Gazteria eta Kirolak saileko presidente Ander Gorrotxategik nabarmendu duen moduan, "ikastaro gehiago prestatu behar izan genituen izotz pista inauguratu zen egunean bertan, antolatuta genituen guztiak beteta zeudelako". Gabon egunei begira, izotz pistaren jarduera "erreferente" bilkatu dela ere nabarmendu du Gorrotxategik egindako balorazioan: "Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hainbat bisitari hurbildu da Durangora. Adibidez, lehenengo egunean, Arrasatetik 97  lagun etorri ziren, gehienak neska-mutilak".

 

Abenduaren 26an zabaldu zuten 800 metro koadro dituen izotz pista, eta, irekita egon den hamaika egun hauetan datu "ezinhobeak" lortu dituela adierazi du Gorrotxategik. "Goizez txikienak ibili dira, eta, arratsaldez, nagusiagoak. 'Gautxoriak' ere aurreko urteetan baino gehiago ibili dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!