Gazteen beharrak ezagutu eta “zubiak eraiki” gura ditu Ernaik

Anboto 2013ko abe. 17a, 08:31
Prentsa oharra bidali dute Ernaiko kideek euren dinamika berriaren azalpenak emateko. Diagnostikoa osatu ahal izateko, bide bi erabiliko dituztela azaldu dute: datu bilketa eta inkesta

Prentsa oharra bidali dute Ernaiko kideek euren dinamika berriaren azalpenak emateko.

 

Ernai gazte erakundeak iritzi bilketa hasi du gazteen beharrak ezagutzeko. Hori da helburu nagusia, baina ez bakarra, “arazo berdinak dituzten gazteen artean zubiak eraikitzea” ere bai. Euren esanetan, herriko gazteen inguruko diagnostikoa osatu gura dute, eta horretarako ezinbesteko ikusten dute gazteek eurek iritzia ematea. Ernai Euskal Herri mailako erakundea da, ezker abertzalearen baitakoa eta independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortzea helburu dituena.

 

Inkesta banatuko dute
Diagnostikoa osatu ahal izateko, bide bi erabiliko dituztela azaldu dute: datu bilketa eta inkesta. Galdera sorta hori ahalik eta gazte gehienen artean banatuko dutela azaldu dute. Horrez gainera, zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko bide bat ere eskaini dute: gaztiok@gmail.com helbide elektronikoa. Durangoko gazteen iritziekin batera iurretarrenak ere batuko dituztela jakin eragin dute oharrean.

 

Ernairen ustez, gazteek arazoak dauzkatela jakineko gauza da, baina sistemak indibidualizazioaren bidez ezkutatzen dituela esan dute. Argitara atera gura dituzte: “Arazo horiek arazo kolektiboak dira, eta horregatik dauka gazteriak kolektibo izaera, behar berdinak ditugulako”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!