"Anaiei eginiko omenaldi moduko bat da erakusketa; eurei gustatuko litzaieke"

Anboto 2013ko abe. 13a, 08:45
Ia 60 urtean eduki zuten Foto Sol argazki denda Angoitia anaiek. Euren argazki kamerek hamaika kuadrilla, kirolari edo ezkontza izoztu dituzte. Argazkien aukeraketa bat egin du Sabin Angoitiak, eta Ezkurdiko erakusketa aretoan ikusi ahalko dira domekara arte

Ia 60 urtean eduki zuten Foto Sol argazki denda Angoitia anaiek. Euren argazki kamerek hamaika kuadrilla, kirolari edo ezkontza izoztu dituzte. Argazkien aukeraketa bat egin du Sabin Angoitiak, eta Ezkurdiko erakusketa aretoan ikusi ahalko dira domekara arte.
 


Zer moduz doa erakusketa?
Ederto doa. Erakusketa egiteko Jose Luisek [Martinez de Antoñana] berotu ninduen; esaten zidan argazki onak eduki behar nituela, eta erakusketan ipini behar nituela. Baserrian [Santa Apolonian] hasi nintzen tiraderak zabaltzen, eta ez nuen uste hainbeste argazki edukiko genituenik. Anaia biak hil zitzaizkidan, eta hau eurei eginiko omenaldi moduko bat da. Eurei gustatuko litzaieke horrelako erakusketa bat egitea.


Ia hirurogei urte egin zenituzten Foto Solen. Zelan hartu zenuten denda?
Bigarren anaia [Jon] soldadu egon zen Madrilen, eta han ikasi zuen argazkigintza. Etorri zenean, Alfonso Soldovilla argazkilariagaz egin zuen berba. Foto Sol berak zeukan; Soldovilla izan zelako eduki du dendak Foto Sol izena. Hark udaletxean beharra egiten zuen, eta anaiari esan zion dendarekin geratu gura bazuen, geratzeko. Jonek beste anaiari [Jose Luisi] esan zion, eta animatu egin ziren. Ni soldaduska ostean hasi nintzen.


Erakusketan, argazki asko kirolaren ingurukoak dira.

Bai. Kulturalagaz asko ibili gara. Afizio handia eduki genuen. Joaten ginen Miranda de Ebrora, Gernikara... Autobusez jarraitzen genituen, Astarloaren autobus zaharrean. Parrandak egiten genituen. Etxean txopo sikuekin karrakak egin, eta animatzera joaten ginen. Gainera, futbolariak Durangokoak ziren, eta lagunak genituen. Kirola asko landu dugu, bai: txirrindularitza, pilota... Lur orotako ibilgailua izan gara gu.


Ezkontzetan ere askotan ibilitakoak zarete.
Vespagaz joaten nintzen ni, baita elurtza handiak egiten zituenean ere: Urkiolara eta Oñatira, adibidez. Gazte denbora zen hura! Anekdota pilo bat ditugu! Urkiolan Mendibe abadea egon zenean, neskei ez zien eskotearekin elizara sartzen uzten. Abadea atean ipintzen zen, eta “zu barrura, zu kanpora, zu barrura, zu kanpora” aritzen zen. Aukeratu egiten zituen. Ezkontzako gonbidatuen erdia kanpoan geratzen zen. Eraztunak ipintzen zituztenean argazkiak egin eta gero, kanpora irteten nintzen, kanpoan geratutakoei ere argazkiak egitera. Esaten nien: “Zuek ere ezkontzan zaudete, eta...” Horrela asko. Andreak prakekin hasi zirenean ere Mendiberi ez zitzaion gustatu. Azkenerako onartu zuen, baina kostatu zitzaion. Urkiolan belaunetik gorako elurtzak zeudenean ere gogoratzen ditut ezkongaiak: oinez, txaketak kenduta eta dardaraka igotzen ziren. 


Inguruan argazkilari gutxi egonik, zuek asko mugitu behar izango zenuten.
Ezkontzetara Logroñoraino eta Burgoseraino joanda nago ni. Euskal Herria osoan ibilitakoa naiz. Gainera, lehenago, taxi-gidaria eta argazkilaria gonbidatu egiten gintuzten bazkaltzera, eta ezkonberrien mahaian jaten genuen. Batzuetan ezkontza bi ere izaten genituen asteburu berean, eta bietan jan behar!


Anekdota ugari izango dituzu...

Lehen jaunartzetan, tamaina askotako argazkiak egiten genituen. Umeei handia gustatzen zitzaien, baina amek esaten zuten ezin zutela handia hartu, garestiena zelako. Eta, hala ere, guk handi bat egiten genien. Argazkien bila etorri, eta “ene Jesus! Nik ez dut hau eskatu, e...” izaten zen erantzuna; ama urduri jartzen zen. Eta orduan guk erantzun: “zuk ez, baina umeak bai”, eta eman  egiten genien. Lehen familiako argazki asko egiten ziren, eta, behin, gogoratzen dut Arratiatik deitu zigutela. Denda itxi, eta hara joan nintzen. Gero eurekin afaritan geratzeko eskatu zidaten, eta nik ezetz,  joan egin behar nuela, eta ezkaratzean esekita zeuden txorizo batzuk hartu, batu, eta poltsara sartu zizkidaten. Argazkiak batzera etorri zirenean, ea zenbat zen galdetu, eta esan nien: “Txorizoak gozoak egon dira, eta eroan, eroan argazkiak”. Horrelaxe izaten zen: trukean.


Orain Photoshopa-eta daude, baina zuek ere moldatzen zenituzten argazkiak.
Ukitu bat egiten genien. Nortasun agirietarako argazkiak ere ukituta bidaltzen genituen, ahal zenik eta guapoen jartzen genituen. Karneta egiten zen lekuan argazkia ikusi, eta esaten zuten: “Durangokoa zara?”. Gure ukitua ezagutzen zuten.


Egunkarietara ere bidaltzen zenituzten argazkiak?
Bai. Europa Presseko karneta geneukan, eta hemendik zer edo zer pasatzen zenean, argazkia atera behar izaten genuen. Matienan Zabala bahitu zutenean [1972an bahitu zuen enpresaria ETAk], Madriletik deitu ziguten, Europa Pressetik, argazki eske. Argazki haietan balek kristaletan eragindako zuloak agertzen ziren. Argazkiak egin, errebelatu, eta argazki-filmen klixeak [negatiboen zatiak] bidali genituen. Sondikara joan, aireportura, eta baserritar bati eman genizkion. Madrilen aireportura joan zitzaizkion argazkiak hartzera.


Orain jubilatuta zaude, baina ibiltzen zara argazki makinagaz.

Orain hobbytzat daukat, jaietako ekitaldiei edota paisaiei egiten dizkiet argazkiak. Astia daukadanez, basora joan, eta ikusten dut agian ordu erdi itxaronda, lainoak mugitu eta argazki hobea irtengo dela. Lehen presagaz ibiltzen ginen beti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!