"Egun batez kazetari izateko aukera emango dugu Azokan"

Anboto 2013ko abe. 5a, 10:49
Berbaro elkarteak eta \'Anboto\'k \'Egun batez kazetari\' tailerra eskainiko dute Durangoko Azokaren barruan

Berbaro elkarteak eta ‘Anboto’k ‘Egun batez kazetari’ tailerra eskainiko dute Durangoko Azokaren barruan.

 

Ikaslearen egunerako gazteei zuzendutako proposamen ugari dituzte Azokan. Eskaintza zabal horretan ‘Anboto’k ere parte hartuko du aurten. Berbaro euskara elkarteak antolatzen duen Saguganbaran ‘Egun batez kazetari’ tailerra emango du Jone Guenetxea ‘Anboto’ko zuzendariak.

 

Zelan sortu da tailer hau eskaintzeko aukera?

Oihane Barrutia Berbaroko kideak ikastaroa antolatzeko proposamena egin zigun, eta oso proiektu interesgarria iruditu zitzaigunez, baiezkoa eman genion.

 

Zenbat ikastetxek parte hartuko dute?

Tailer bi emango ditugunez, ikastetxe bi etorriko dira. Goizean Durangoko San Antonio Santa Rita ikastetxeko gazteak etorriko dira, eta arratsaldean Maiztegi herri eskolakoen txanda izango da.

 

Zein izango da proposatuko diezuen lan dinamika?

Tailer parte-hartzaileak izatea garrantzitsua dela argi daukagu. Beraz, bi orduko ikastaroan lehenengo zatia teorikoa izango bada ere, beste zatia praktikoa izango da. Euskal kulturgintzako sortzaile bat elkarrizketatuko dute. Prozesu guztia martxan jarriko dugu. Informazioa topatu, galderak prestatu, galdetegia osatu eta elkarrizketa egitea dugu helburu. Bi orduko ikastaro batean kazetaritzara hurbildu baino ezin daiteke egin, baina saiatuko gara denbora horri etekina ateratzen.

 

Nor gonbidatu duzue?

Goizeko taldeak Fernando Morillo idazlea elkarrizketatuko du. Arratsaldeko txandakoek, berriz, Esne Beltza taldeko Xabier Solanorekin izango dute solasaldia. Bideoan grabatuko dugu, eta emaitza www.anboto.org atarian ikusgai izango dute parte-hartzaileek zein gure webgunea bisitatzen dutenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!