Zapatuan maratoia egingo dute Szenatokian. Gaur bisita gidatuak antolatu dituzte gaztetxoentzat.
Hirugarren urtez jarraian arte eszenikoen plaza izango da San Agustin kulturgunea. Bertan egokitu dute Szenatokia, antzerkigileen eta antzerkizaleen topalekua. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) eta San Agustinek berak antolatu dute egunotako egitaraua, Karrika antzerki taldearen laguntzagaz. EHAZEko Itziar Eliasek ekimenaren aldeko apustua berretsi du: “Durangoko Azoka gure antzerkiaren azoka ere bada”. Bera da guneko arduraduna, San Agustineko Arantza Arrazolagaz batera, eta aurtengo programaren berri eman dute.
Gainera, Szenatokiak azokan betetzen duen funtzioaz ere hausnartu dute antolatzaileek. Arrazolaren ustez, arte eszenikoen plaza eduki behar du Durangoko Azokak: “Euskal antzerki sortzaileek euren lanak erakusteko aukera izan behar dute Durangoko Azokan, jendeak aukeratu dezan”.
Maratoia zapatuan
Hainbat artista pasako dira San Agustineko oholtzatik datozen egunotan. Eta, gehienek, maratoi bidez parte hartuko dute. Zapatuan izango da antzerki maratoia, goiz eta arratsaldez. Eguerdiko 12:00etan hasita, ordu laurdeneko saioak eskainiko dituzte lau taldek: The Truek, Bada Teatroak, Xentimorik gabek eta Karrikak. Karrikako Durangarrek Inungane, sustraiak airean antzeztuko dute, Plateruenak bultzatutako Zilar Astea ekimenerako prestatu zuten lana. Sorterria utzi behar izatearen ondorioz sortutako egoeren inguruan hausnartzeko gonbita egiten du obrak.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera garatuko da maratoiaren bigarren zatia. Bertan beste lau taldek parte hartuko dute, Demode Quartetek, Taupadak, Agerre Teatroak eta Silvia Marzanak eta Jon Ander Alonsok osatutako bikoteak.
Txakolinaren bueltan
Saio bereziak izango dira maratoikoak, formatu laburrekoak. Trailer estiloko antzezpenak izango dira. Baina, horrez gainera, amaitutakoan antzezleekin berba egiteko aukera edukiko dute gerturatzen diren zaleek. Solasaldi horiek txakolin baten bueltan izango dira, eta pintxo bana ere jan ahalko dute. Horrela azaldu du Arrazolak: “Oihala zarratu, eta atzean hurrengo taldekoak lanean dauden bitartean, beste aktoreak jaitsi egiten dira, eta giro oso polita sortzen da”. Eliasek formatu horren aldeko beste arrazoi bat gehitu dio: “Gainera, interesa daukanak galdetzen dizu antzezlana osorik non ikusi dezakeen, eta gertutasuna lortzen duzu publikoarekin”.
Beraz, jendea erakarri eta ondo pasatzeko asmoz sustatu dute maratoia.
Alde Zaharretik gertu
Durangoko Azoka herri osora hedatzen dabil, eta, aurten, Landakotik hasita, ibilbideko azken geltokia da Szenatokia. Baina, Alde Zaharretik hurrean egoteak ere bere abantailak dituela uste dute antolatzaileek.