Energia aurrezteko kanpainagatik saria jaso dute San Antonio-Santa Ritan

Anboto 2013ko abe. 4a, 14:17
Aurten seigarren mailan dauden ikasleek jaso dute saria. Iazko ikasturtean eskolako energia aurrezteko kanpaina prestatu zuten, eta kontsumoa ia %10 murriztea lortu dute

Aurten seigarren mailan dauden ikasleek jaso dute saria. Iazko ikasturtean eskolako energia aurrezteko kanpaina prestatu zuten, eta kontsumoa ia %10 murriztea lortu dute.

 

Leloa ere izan du kanpainak: "Eguneroko keinuak txikiak izan arren, gauza handiak lor ditzakete". Ikasgeletan inor ez dagoenean argiak amatatzea, ordenagailuen monitoreak isiotuta ez uztea, berogailua piztuta badago leihoak ez zabaltzea... Gauza txiki horiek kontutan hartzeko kanpaina egin dute San Antonio-Santa Rita ikastetxean, eta Aktibatu+ programak saritu egin ditu ikasleak, izan dituzten emaitza onengatik.

 

Pankartak, kartelak, power point programagaz egindako aurkezpenak, pegatinak eskolatik zehar... Hainbat baliabide erabili dituzte ikasleek euren mezuak eskolan zabaltzeko. Jolastorduetan eta klaseak amaitzerakoan, geletatik pasatu dira, gainera, argiak amatatuta dauden ikusteko eta ordenagailuen monitoreak itzaltzeko, besteak beste. Kanpainari esker, iazko ikasturtean 5.056 kw/h gutxiago kontsumitu zituzten ikastetxean, aurreko urtean baino %9,9 gutxiago.

 

\"\"Saria

Aktibatu+ programak saritu egin ditu ikasleak. Global Action Plan izeneko GKEak sortu du programa hori, eguneroko ekintzek ingurunean duten eragina arintzeko helburuagaz. Ikasleek etxean ere dinamizatzaile izateko "Liburu berdea" jaso dute, etxeko jardunean energia aurrezteko gomendioekin. Horrez gainera, Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko instalazioetara bisita bat irabazi dute.

 

"Patruila berdea"

Talde lana egin dute ikasleek, eta kanpainarekin dibertitu ere egin direla azaldu dute. Ritxar Garcia Jauregi tutoreak eta eskolako Agenda 21eko koordinatzaileak ere pozik jaso du saria. Kanpainan egin duten antzera, aurten ikasleak inspektore beharretan ibiliko direla azaldu du: "Arinago ere Patruila Berdea proiektua geneukan, ikasgeletako argiak, berogailuak, ordenagailuak... errebisatzeko". Patruila berezi horiek berreskuratu dituzte ikastetxean, eta LHko 4., 5., eta 6.mailako ikasleak ibiliko dira energia kontsumo arduratsua zaintzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!