Udalak adierazpen instituzionala sinatu du Euskararen Egunean

Anboto 2013ko abe. 4a, 11:07
Euskararen Eguna zela-eta, adierazpen instituzionala sinatu zuten atzo EAJ, Bildu, PSOE-EE, PP eta Aralar alderdiek Durangoko Udalean. Besteak beste, udalaren baitan eta baita udalerrian ere, \"euskararen sustapenerako ekimen eta politiken inguruko adostasun sozial eta politiko zabal eta sakonena bilatzeko konpromisoa\" hartu dute.

Euskararen Eguna zela-eta, adierazpen instituzionala sinatu zuten atzo EAJ, Bildu, PSOE-EE, PP eta Aralar alderdiek Durangoko Udalean. Besteak beste, udalaren baitan eta baita udalerrian ere, "euskararen sustapenerako ekimen eta politiken inguruko adostasun sozial eta politiko zabal eta sakonena bilatzeko konpromisoa" hartu dute.

 

Adierazpen instituzionala Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna da, eta euskararentzat beste hizkuntzen artean dagokion tokia aldarrikatzen eguna. Ospatzeko eguna eta konpromisoak berresteko eguna da. Euskararen bilakaera izugarria izan da azken urteetan. Hainbat mendetan, bazterkeria eta debekua zirela medio, desagertzeko zorian egon da gure hizkuntza; izan ere, oraindik ere ez dago erabat salbatuta eta lan egin behar dugu euskararen diskriminazioan eragina duten egoerak errotik desagerrarazteko. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara.

 

Hori horrela izanda, aintzat hartu behar ditugu, gaur bereziki, hamarkada ilunetan euskara bizirik irauteko lan isila egin duten eta gaurregun egiten duten pertsona eta erakunde guztiak. Euskarari arnasbideak eman dizkioten eta egunero ematen dizkioten gizarte eragile guztiak omendu nahi ditugu gaur. Hartutako konpromiso zein bilbaturiko kontsentsu politikoak be gogora ekarri nahi ditugu. Alabaina, bidea oraindik luzea eta malkartsua izango da, eta gaurko eguna aldarrikatu nahi dugu indarrak hartu eta gure hizkuntzari etorkizunean ere gure lanaren bidez laguntasuna emateko. Horretara, Udal honek ondoko konpromiso hauek bereganatzen ditu:

 

1. Gure Udalak bermatu eta defendatuko ditu herritarren hizkuntza eskubideak eta, bereziki, euskal hiztunen hizkuntza eskubideen ardura zaindu egingo du, euskara Administrazioan lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzeko lana areagotuz erabat lortu arte.

 

2. Udalean euskararen erabilera sustatu eta bermatuko da, alkate andreak eta zinegotziek euskararen erabileraren aldeko jarrera erakutsiz.

 

3. Euskararen arnasguneak bultzatu eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

 

4. Udal honen baitan eta gure Udalerrian, euskararen sustapenerako ekimen eta politiken inguruko adostasun sozial eta politiko zabal eta sakonena bilatzeko konpromisoa hartzen du.

 

5.- Udal barruko Euskara Planean, Herri mailako Euskara Planean eta Euskararen Udal Araudian Udalak bereganatu dituen konpromisoak gaur jendaurrean berretsi nahi ditugu, besteak beste, Udalaren eta herritarren arteko harremanetan euskararen presentzia handitzea; irakaskuntza/trasmisioa/ merkataritza, etorkinak, kultura, kirola eta hedabideen arloetan euskararen presentzia handitzea; eta leku-izen, hizkuntza-paisaia, udaleko argitalpen, udal langileen euskara ezagutza, kontratazio arloko irizpideetan etabarretan euskera sustatzea.

 

Gure herriko euskaldun guztion lana da euskarari aurrerakada ematea eta horretarako euskaraz jakitea ez da aski bizi dadin, hitz egin behar da. Hori guztia dela eta, Udalak herritarrak gonbidatzen ditu euskaraz bizitzeko konpromisoa har dezaten:

 

1. Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz

 

2. Ez dakienak, euskara ikasiz 3. Erdizka dakienak euskara erabiliz, hobetuz Halaber, Udalak herritar euskaldunak gonbidatu egiten ditu Udalarekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan euskaraz jardun daitezen.

 

Azkenik, Udaletxeko balkoi nagusian “Gaur ere euskararen eguna” pankarta jarriko du Udalak abenduaren 3tik (Euskararen Nazioarteko Egunetik) 10era (Giza Eskubideen Nazioarteko Egunera) arte.

 

EAJ-PNV, Bildu, PSOE-EE, PP eta Aralar

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!