EH Bildu koalizioak 'herri akordio' bat adostea proposatu dio EAJri

Anboto 2013ko abe. 2a, 13:48
2014rako aurrekontu prozesua martxan dago udalean. Bildu eta Aralarreko zinegotziek euregaz hartuemanetan ipintzeko deia egin diote EAJri, eta husnarketa sakon bat garatzea proposatu die. Momentu larri bat bizi dela-eta, alderdikeriak utzi eta akordio estrategikoak lortzeko sasoia dela uste dute

2014rako aurrekontu prozesua martxan dago udalean. Bildu eta Aralarreko zinegotziek euregaz hartuemanetan ipintzeko deia egin diote EAJri, eta husnarketa sakon bat garatzea proposatu die. Momentu larri bat bizi dela-eta, alderdikeriak utzi eta akordio estrategikoak lortzeko sasoia dela uste dute.

 

Gaurko kontu berezien batzordean aurkeztuko du EAJk 2014rako aurrekontu zirriborroa. Prozesua martxan dago, eta EH Bilduk hartuemanetan hasteko deia egin die jeltzaleei. "Gure proposamena ez da diru partida soil bat leku batetik bestera aldatzea. Ez da kromo aldaketa bat gero argazki bat saltzeko, baizik eta hausnarketa sakon bat egiteko eskaera". EH Bilduk zortzi zinegotzi dauzkala gogoratu dute -Bilduk sei eta Aralarrek bi-, EAJk lez. "Adostasunera helduz gero, durangarren onurarako izango litzatekeen akordio zabala lortu dezakegu", adierazi dute. Durangon 2011ko aurrekontuak oinarri hartuta dabiltza udala gestionatzen. "Udala blokeatuta dago eta gobernu taldearen kudeaketa guztiz eskasa izan da".

 

Partaidetza dinamika iraunkorra

Elkarrizketa martxan jartzen bada, euren proposamenak zeintzuk izango diren aurreratu dute. Lehenik eta behin, herritarren partaidetza sustatuko duen dinamika iraunkor bat sortzea. Hiri Antolamandurako Plan Orokorra berraztertu behar dela jakin eragin dute, eta hori parte-hartzearen bidez egitea eskatu dute. Horrez gainera, urte batzuk atzera partaidetza barik diseinatutako proiektu batzuk berraztertu behar direla uste dute. Horien artean, San Faustoko Zentro Zibikoa. Ohartarazi dute auzotarrek ez dutela proiektu hori gura, inkestetan esan dutela. Horregatik, aurreikusitako dirua gaur egungo beharrizanetara egokitzea beharrezko dela ikusten dute. Espainiako Gobernuak ezarritako neurrien eraginez, inbertsio gehienak soberakinetik egingo dira aurten ere, eta momentuz 5.700.000 euro daude udaleko kutxa horretan.

 

Bestalde, Landakoko igerilekuen garestitzeagatik erantzukizunak eskatzea gura dute. Lana sustatzeko, era pribatuan funtzionatzen duten zerbitzuak eredu publikora eroatea proposatu dute. Lurzoruagaz ateratako ondarea etxebizitza politikara osorik bideratzea exijitu dute, eta zerga sisteman justizia sozialeko irizpideak zehaztea. Zabor bilketaren inguruan, organikoa batzeko sistema bat ezartzea nahi dute, eta eskualde osorako balioko lukeen konpost planta bat sortzea ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!