‘Artisautza eskura’ leloagaz Euskal Dendak 18. aldia egingo du aurten. Abenduaren 5etik 8ra irekiko dute merkatu plazan. Artetsu sarietan, Forjas Brun enpresak jasoko du bizitza osoko dedikazioari dagokion saria.
Euskal Dendak abenduaren 5etik 8ra zabalduko ditu ateak. Askotariko material eta teknikekin artisautza tradizionala zein garaikidea lantzen duten 52 postu egongo dira Durangoko merkatu plazan goiz zein arratsalde. Baina Euskal Denda salerosketarako tokia baino gehiago da: ofizioa ezagutzera eman eta balioesteko helburua du, bisitariak artisauen mundura hurreratzen saiatzen da eta, oro har, munduari ertz eta ikuspuntu askotatik erakusten dio artisautza.
Hori horrela izan dadin, urtero ahal den neurrian berritzaileak izaten saiatzen dira. Aurtengo nobedade lez, dendako egun bakoitza material bati eskainiko diote. Abenduaren 6an sua tarteko duten ofizioen erakustaldiak eskainiko dituzte Nafarroako Forjas Brun eta beira puztua lantzen duen Gipuzkoako Argia Badago enpresek; hurrengo egunean buztingileen lana bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko dute; abenduaren 8an egurra izango da tailerretako protagonista. Gainera, horietako batek egurrari benetan erabilera kuriosoa ematen dio: Sondikako DPM enpresak intsektuentzako (liztorrak, tximeletak, marigorringoak…) etxe artistiko eta praktikoak egiten ditu.
Eskozia herrialde gonbidatua
Durangoko Azokaren bidea jarraituz, aurtengo Euskal Dendako herrialde gonbidatua Eskozia izango da eta hango artisau bat gonbidatu dute: Peter Gillies. Gillies-ek beira lantzeko tailerra dauka Glasgow-n. Beirate klasikoak gaur eguneko ikuspegitik lantzen ditu, ikuspegi tradizionalari ukitu berritzailea emanez. Durangon bere lan egiteko modua erakutsiko du.
Artetsu sariak
2005az geroztik Artetsu Sariak banatzen ditu Arbasok. Aurtengo sari banaketa abenduaren 5ean, 19:30ean izango da, San Agustin Kultur Gunean. Bizitza osoko dedikazioari dagokion saria Nafarroako Forjas Brun enpresak jasoko du. Bost belaunaldi daramatzate metala lantzen. Erakundeari dagokion saria Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari emango diote; hedabideei dagokiona Gara egunkariari; Bertsozale elkarteari euskal tradizioa sustatzeko ahalegina eskertuko diote eta euskararen arloan egindako lanagatik Kontseiluak ere jasoko du Artetsu sari bat.
Espainiako artisautza sarietarako hautagaiak
Euskal Dendaren aurtengo aldia aurkezteko egindako prentsaurrekoan elkarteko presidente Bernat Vidalek jakinarazi zuenez, Fudesarte-k (artisautzaren berrikuntzaren arloan lan egiteko duen Espainiako fundazioa) antolatzen dituen Espainiako Artisautza Sarietako bat (enpresa pribatuen sailean) irabazteko hautagaia da Arbaso. Udaberrian egingo dute sari banaketaren gala. Orain hiru egun jaso zuten berria eta “sorpresa handia” izan zela adierazi zuen Vidalek. Artisautzan sormenerako bide berriak eraikitzen egindako ahaleginak egin ditu sarietarako hautagai. Urte hasieran artisauak eta diseinalariak elkarlanean ipini zituen Basque Crafts jardunaldiak gauzatu zituzten eta hileetako lanaren ostean simbiosi horretatik irtendako diseinu berritzaileak Bilbon erakutsi zituzten. Jardunaldi horiek urteroko hitzordu bihurtzeko asmoa du Arbasok.
DATAK
Data: Abenduaren 5etik 8ra
Ordutegia:
Goizez: 11:00etatik 14:30era
Arratsaldez: 16:30etik 21:00etara
Eguaztenean: 19:00 arte
Domekan: 20:00 arte
Inaugurazioa: Abenduaren 5ean, 12:00etan.
DATUAK
Salguneak: 52
Lurraldeka:
Bizkaia: 23 (Durangaldetik 7); Gipuzkoa: 15, Nafarroa: 10, Araba: 2; Nafarroa Behera: 1; Lapurdi: 1
Sektoreka:
Metala: 9; Ehungintza: 9; Nekazaritza elikagaia: 8; Egurra: 8; Beira: 5; Larrua: 5; Zeramika: 4; Bestelakoak: 7