Udalbatzarrean dispertsioaz berbetan egon dira presoen senideak; babesa eskatu diote udalari
Martitzenean ospatutako udalbatzarrean presoen senide batzuek parte hartu zuten, dispertsioaren inguruan berba egiteko. Astero ehunka kilometro egin behar izaten dituzte kartzeletara joateko, eta uste dute horrek arriskua sortzen diela. Horren adibide, irailaren 2an Asier Aginakoren amak eta lehengusinak auto istripua eduki zuten Madrilera bisitan zihoazela. Beste auto batek atzetik jo zituen Guadalixen (Espainia), eta onik irten arren, ospitalean egon ziren egun hartan. Aginakoren amak, Amaia Etxenagusiak, amaieran hartu zuen berba: “Durangoko hamaika familiak, astero dispertsioaren loteria gaiztoan jarraitzen dugu”. Hileroko aurrez aurreko bisita galdu zuen istripuaren ondorioz: “Hileko aukera bakarra semeari besarkada eta musu bat emateko”.
Udalari babesa eskatu gura izan zioten bizi duten egoeraren aurrean. Horregatik, Etxenagusiak hitza hartu aurretik, euren izenean mozio bat aurkeztu zuten Bilduk eta Aralarrek, eta horren alternatiba lez beste bat EAJk. Berdinketa gertatu zenez, batek ere ez zuen aurrera egin. Bilduko Urdaspal Bolinagak EAJ kritikatu zuen, mozioa urri hasieran aurkeztu ziotelako senideek, eta azaro amaieran, udalbatzarrerako egun gutxiren faltan, beste mozio bat ekarri dutelako jeltzaleek. Aitziber Irigoras alkateak azaldu zuen Uri Buru Batzarrean landu behar izan dela gaia, eta horregatik atzeratu dela.
Gaiak eztabaida eragin zuen. PSE-EEko Fernando Castillok elkartasuna adierazi zien istripua izan zutenei, baina bere alderdiak ez zuen moziorik onartu. Aitortu zuen gaur egun baldintza politikoak aldatu egin direla, baina ETA disolbatzea eta armak entregatzea exijitu zuen. ETAk presoekin xantaia darabilela, eta presoak gizarteratzeko bidea damua dela azaldu zuen. Gainera, biktimen oroimena lantzea eskatu zuen. PPko Juan Jose Gastañazatorreren iritziz, “eragindako kaltea” onartu behar dute presoek.
Aralarreko Dani Maeztuk, damuaren gaiaren harira, esan zuen giza eskubideak baldintzatzea “astakeria” dela. Ohartarazi zuen dispertsioagaz senideei ere zigorra ezartzen zaiela, eta horiek ea zertaz damutu behar duten galdetu zien. Bolinagak azaldu zuen beste sasoi bat bizi dela Euskal Herrian: “Pausoak ematen ari gara. Noiz arte jarraitu behar duzue indarkeriaz berbetan?”.