2005. urtetik hona Berbaro euskara elkarteak antolatzen duen Olgetan ludotekak hasi du aurtengo denboraldia. Izenak berak dioen moduan 2-10 urteko gaztetxoei aisialdirako guneak eskaintzea du helburuetako bat, baina, horrez gainera, gaztetxoen heziketaren alorrean ere eragin gura du.
Umeei jolasteko aukera emateaz batera, beste ume batzuetkin hartu-emanak sustatzeko elkargunea izan gura du. Apirilaren 7ra arte iraungo du aurtengo proiektuak.
Olgetan ludoteka Plateruena Kafe Antzokiko agertokian antolatzen dute astelehen (17:00etatik 19:00etara), martitzen (17:00etatik 18:00etara) eta eguaztenetan (17:00etatik 19:00etara). Astelehenetan ordubeteko txanda bi egiten dituzte, eta martitzenetan bat. Begirale aditu bi egoten dira ludotekan, eta bakoitzak 12 gaztetxoko taldea gidatzen du. Txanda bi dauden egunetan 24 gaztetxo izaten dituzte. Txanda batean parte hartzeko nahikoa da Platerueneko barran txartel bat erostea (50 zentimo).
Ludoteka hainbat txokotan banatzen dute. Txoko bakoitzean ekintza bat lantzen da. Horrela, hiru egunetan marrazketa, antzerki eta irakurketaren inguruko tailerrak egiten dituzte, besteak beste. Eguaztenetan, tailer bereziak ere egoten dira. Esaterako, eguazten honetan abestiekin eta dantzekin lotutako tailer jostagarri bat egin dute. Begiraleek umeentzako abesti eta dantzak batu dituzte, eta Plateruena abesteko eta dantzarako plaza bihurtu dute gaztetxoek.
Ludotekako beste ekitaldi azpimarragarri bat hileko lehenengo domeketan egiten dituzten ikuskizunak dira. Azaroko lehen domekan, ipuin kontalari saio bat egin zuten Maite Frankogaz, eta, domeka honetarako, 17:30ean, beste ipuin kontalari saio bat antolatu dute Lur Kortagaz. Domeketako ekitaldiak zabalak dira; ez da txartelik erosi behar, eta bertaratzen diren guztiei zuzenduta daude.
Hezkuntza eta euskara
Ia hamar urteko ibilbidean jaso duten parte-hartze zabala oinarri hartuta, apurka- apurka umeen beharrizanak hobeto ezagutu dituzte, eta ludoteka beharrizan horietara egokitzen joan dira. Gaztetxoei une jostagarriak eskaintzeaz gainera, sakonean, badituzte beste helburu bi ludoketa eta bertako ekintzak planifikatzerako orduan, lehentasun moduan markatuta dituztenak: hezkuntza eta euskararen erabilera.
Ekintzen funtzio hezitzaileari buruzko azalpenak eman ditu Oihane Barrutia Berbaroko kide eta Olgetan ludotekako arduradunak: “Hezitzaile bakoitza 12 gaztetxoko taldeagaz egoten da. Ez da talde handia, eta umeekin gertutasuna izatea ahalbidetzen du. Horregatik, edozein ekintza prestatzerako orduan, heziketarako izan dezakeen balioa kontuan hartzen dugu”.
Beste zutabeetako bat hizkuntza da. Euskararen erabilera sustatzeko funtsezko baliabidetzat hartzen dituzte aisialdiko ekintzak: “Ludoteka euskaraz garatzen dugu, eta gatetxoei hizkuntza erabiltzeko eta hartu-emanak euskaraz landu eta sendotzeko aukera eskaintzen diegu. Ume-umeak badira, gurasoak eurekin egon daitezke, eta ekintzetan parte hartu, baina beti ere euskaraz”, dio Barrutiak.