Udalak hamahiru behargin kontratatuko ditu auzoetan konponketak egiteko

Anboto 2013ko aza. 25a, 14:12

PSE-EEren proposamenez, udalak hamahiru durangar kontratatuko ditu sei hilerako. Pintoreak eta igeltseroak izango dira, eta auzoetan parkeak konponduko dituzte, esaterako. Lanbideren laguntza bati eskerrak eroango dute aurrera egitasmoa

PSE-EEren proposamenez, udalak hamahiru durangar kontratatuko ditu sei hilerako. Pintoreak eta igeltseroak izango dira, eta auzoetan parkeak konponduko dituzte, esaterako. Lanbideren laguntza bati eskerrak eroango dute aurrera egitasmoa.

 

Pilar Rios zinegotziak azaldu du helburu bikoitza daukala euren proposamenak. Auzoetan lanak egitea, eta enplegua sortzea. "Arnasa izango da egoera zailean dauden familientzat". Sei hileko kontratua edukiko dute egun osoko lanaldian, eta soldata hitzarmenaren araberako izango da. Riosek esan du, kontratatuak 45 urtetik gorakoak izatea lehenetsiko dutela, sektore horretako langabetuen egoera kontuan hartuta. Kontratazioak Lanbidetik egingo dira. Krisiaren ondorioz egoera gaitza bizi dela gogoratu du, eta Durangon 2.140 langabetu daudela esan du, "azken urteetako daturik altuena".

 

Hamar beharginen horiek pintoreak eta igeltseroak izango dira. Beste bi ofizialak izango dira, lagundu eta lana gainbegiratzeko. Koordinazioa egiteko ere kontratatuko dute beste bat. San Fauston, Juan Itziarren eta merkatu plazan konponketak egingo dituzte, besteak beste. Lan horiek Zabaltzen-Sartu elkarteagaz elkarlanean garatuko dituzte.

 

Lanbidek herrietan enplegua sortzeko egindako deialdia izan da proposamenaren oinarria. PSE-EEk esan du eurek aurkeztu dutela udalean, beste alderiei eta gobernu taldeari itxaron barik: "Gobernuaren aktibitate faltagatik egin dugu, laguntza hau alperrik ez galtzeko".  Lanbidek 178.000 euro bideratuko ditu, eta 192.000 euroko aurrekontua dauka guztira proiektuak. PSE-EEk hamasei lagun kontratatzea gura zuen hasieran. Gobernu taldeak (EAJ) proposamena onartu ei du, baina behargin kopurua gutxitu dute zuzenketak egiterakoan. Riosek kritikatu du deialdia ixteko bost egunen faltan egin behar izan zutela proposamena, gaia berandu landu zelako udal batzordean.

 

Riosek azaldu du euren lehentasuna dela enplegua sortzea, eta 2014ko aurrekontuei begira ere langabetuei laguntzeko politikak aurkeztuko dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!