Udaleko alderdiek adierazpen instituzionala sinatu dute gaurko egunaren harira. Eguerdian irakurri dute prentsaren aurrean. Aitziber Irigoras alkateak irakurri du guztien izenean.
Durangoko Udalak neska gazteek jasaten dituzten erasoetan ipini du garrantzia gaurko adierazpenean. Gaur egun ere, aurrerapenak eman arren, oraindik hartuemanak desberdintasunean oinarritzen direla adierazi dute, eta testuinguru horretan kokatu behar direla erasoak. "Eraso horietako asko hain daude normalizatuta eta hain dira egunerokoak", esan dute. "Zenbat faktorek neska gazteek sufritzen dituzten hamaika mikro eraso sexista erakusten dizkigute, baina, leunak direnez, normaltzat hartzen ditugu". Adibide hauek eman dituzte: nesken sexualizazio etengabea; emakumearen gorputza desira-objektu lez ikustea; kontrola ezinezko sexualitatea duen gizonaren estereotipoa; edota jazarpenaren naturalizazioa.
Azaldu dute, euren ustez indarkeria mota horiek agerian uztea izan behar dela emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko lanean. Bestalde, hezkuntza afektibo-sexuala izatea ere funtsezkoa dela uste dute, "gazteek errespetuan eta berdintasunean oinarritutako sexualitatea gara dezaten".
Ostean, kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean.